Lan honetan, Eusko Ikaskuntzaren eskutik, Rosa Ayerbek, Victor Herrerok, Ana María San Miguelek eta Montserrat Fernandezek parte hartu dute, gure historiaren parte diren hainbat pertsona ezagunen kolaborazio bereziekin: José Ignacio Tellechea Idigoras, Simon Arambarri, Sebastián Goñi kanonigoa, Joseba Goñi edo Saturnino Ruiz de Loizaga, Vatikanoko artxibozaina. "Horiei esker -azaltzen du Mendizabalek- Aita Santuaren buldak eta latinez zeuden dokumentuak itzuli ahal izan ditugu. Urteetako lana izan da".
Ondare zinegotziaren ustez, argitalpenak aparteko tresna dira gure lurraldeko historian sakondu nahi duten guztientzat, "Azkoitia, Azpeitia, Tolosa eta Donostia Gipuzkoako hiriburuak izan baitziren".
Datorren astearteko aurkezpen ekitaldiak interes berezia du historiako irakasleentzat, unibertsitateko ikasleentzat, ikerlarientzat eta oro har, Azkoitiko historia gustuko duten guztientzat. "Harrituta geratuko dira udaletxearen edo parrokiari buruzko agirien, harresien, Nafarroako gerren edo urte nahasi haietako arazo sozial eta politikoen inguruko dokumentazioa ikustean", dio Mendizabalek.