Ekitaldian, Juan Bautista Mendizabal Ondare zinegotzia buru zela, María Rosa Ayerbe, Montserrat Fernández eta Victoriano José Herrero egileak izan ziren, 1993tik hona egin duten lana azaltzeko xedez. "Zer da ba historia, gure herrien iragana agerian jartzea baino?. Nola ezagutu dezakegu iragan hori? Askok historia egiten dute errepikatuz, lan bibliografikoa eginez. Bai, egin daiteke, baina horrek ez du ezer berritzen, errepikatu egiten da dena. Iturriekin ez da hori gertatzen. Datu horiek bakarrak dira, eta datu horietan historialariak interesatzen zaiona bilatzera joko du. Horixe da bidea gure historia eta gure iragana ahalik eta zehatzen ezagutzeko ", dio Ayerbek.
Bilduma Eusko Ikaskuntzak argitaratzen du, eta Azkoitiko herriari buruzko hiru liburuki biltzen ditu.
Lehenengo liburukia 1993an argitaratu zen. "XIII. mendeko pergamino batetik 1500. urtera artekoa da. Pergaminoa Gregorio IX.aren Dekretuak izenez ezagutzen den dokumentua da. Zuzenbidearen historian oso dokumentu garrantzitsua da, 1917ra arte eliza katolikoa arautu zuen zuzenbide kanonikoa osatzeko funtsezko agiria, alegia".
Bigarren liburukiak, lodienak, udalaren kontu-liburua jasotzen du. Garrantzitsua da, Gipuzkoan hiru kontu-liburu baino ez daudelako transkribatuta. "Bata Arrasaten dago, bestea Azpeitian, transkribatuta baina argitaratu gabe, eta hirugarrena Azkoitikoa da". Bigarren liburuki horrek 1518-1550 aldiko kontuak jasotzen ditu. "Orduan -azaltzen dute egileek- Banaketen Liburua deitzen zen. Normalean kontuen balantzea negatiboa izaten zen, eta kopuru negatibo hori herriko bizilagunen artean banatzen zen. Biztanleen errolda dugu, buru ordaintzaileena. Etxez etxe joaten ziren diru-bilketa egiteko". XVI. mendeko eskribauek idatzitako 600 orrialde jaso dira transkribatuta.
Kontuen dokumentuak hiribilduak dirua zertan gastatzen zuen erakusten du. "Lehenengo, funtzionarioek kobratu egiten zuten. Eta sei hilean behin kobratzen zuten. Erretoreak ere bai, hodeiak uxatu eta uzta ona bermatzeko. Seroraren figura ere agertzen da. Nominan zegoen eta bere lana zen herrian zegoen erloju bakarraz arduratzea". Obren atalean, garrantzitsua zen uraskari eustea, "eta asko gastatzen zen aholkularitza juridikoan ere, auzietan". Alkateak lehen epaile kargua zuen, baita arma-kapitain kargua ere. "Gizarte arloko gastuetan, zezenketak antolatzen ziren. Ondo pasatzen zekiten, bai".
Hirugarren liburukian, elizari buruzko dokumentazioa jasotzen da. Transkribatu eta latinetik itzuli egin da. Parte hartu zuten lanketa horretan Simon Aranbarrik, Joseba Goñik eta Saturnino Ruiz de Loizagak, Vatikanoko artxibozainak.
Oraindik lan eskerga dago egiteko. Hurrengo urratsa da bilduma hau osatzen jarraitzea, Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoan gordetako Azkoitiko Protokoloekin.