Javier Zubizarreta alkateak eta Maite Peña Gizarte Politiketako diputatuak Burdinoleta kaleko Eguneko Zentro berria hartuko duten instalazioak bisitatu dituzte. Herriaren erdigunean kokatuko den zentroak 10 plaza gehiago izango ditu, gaur egun dituen 20 plazetatik 30era pasatuz. Aldundiak lokalen erosketaren %65 finantzatuko du, alegia,295.668,16 euro, eta baita zerbitzua emateko behar den ekipamendu guztia ere, 600.000 euro. Udalak erosketaren %35 jarriko du, 159.205,93 euro. 2024ko maiatzean martxan izatea espero da.
Alkateak adierazi duenez, "garrantzitsua da zaintza eredu berri baterantz aurrera egiteko egiten ari garen lana azpimarratzea, hobea izango baita. Denbora asko daramagu Aldundiarekin elkarlanean, eta pixkanaka ikusten ari gara dokumentu batean jasotako guztia gauzatzen doala eta espazio berriak sortuko direla aurki. Hori guztia ez litzateke posible izango erakundeen arteko lankidetza esturik gabe".
Pertsonalizazioa eta berrikuntza oinarri hartuta, erabiltzaileak etxean bezala egongo diren zaintza-eredu baterantz joateko, bi erakundeen artean bide-orria landu da. Haren arabera, lehenengo fasean Eguneko Zentroa lekualdatzea, eta Ugarte pasealekua eta Santa Kutz Gaina lotuko dituen igogailua jartzea adostu zen, San Jose Egoitzaren irisgarritasuna hobetzeko. Igogailuaren aurrekontua 645.639,85 eurokoa da eta Udalak finantzatuko du. Proiektua idatzita dago eta obrak lizitaziora ateratzea izango da hurrengo urratsa. Aldi berean, Foru Aldundiak martxoaren 14ko Gobernu Kontseiluan onartu zuen San Jose egoitzako UPSIa eraberritzeko obrak gauzatzeko proiektua. Obrek 3.059.553,73 euroko aurrekontua dute eta 15 hilabeteko gauzatze epea.
San Jose Egoitzako Psikogeriatria Unitatea (UPSI) guztiz eraberrituko da, eta birmoldaketa horren ondorioz, zaintza-eredu berrira egokitutako 15 plaza ahalbidetuko dira, banakako logelekin eta bainugela propioarekin, bizikidetza-unitate bat osatuz. Psikogeriatria Unitate berria 2024 urte amaierarako prest izango da, aurreikusitakoaren arabera. Eraberritzearen azken fasean, eredu berrira egokitutako 12 egoitza-plaza sortuko dira. Gune berriak ere sortuko dira, hala nola, egongela eta jangela. Jarduketa horiek guztiak, gutxi gorabehera, hiru urtetan, lau gauzatze-fasetan, eta 4.760.067,67 euroko aurrekontuarekin burutuko dira. Foru Aldundiak 3.955.221,89 euro jarriko ditu eta Udalak, 804.845,78 euro.
Gipuzkoako egoitza-ereduaren trantsizioa errealitate bat dela defendatu du Maite Peña diputatuak. Sektore osoaren lanari esker, adineko pertsonentzako arreta eta zaintza ereduaren eraldaketa agerikoa da jada lurraldeko egoitza zentroetan. “Aldaketa hau ezin da goizetik gauera egin, prozesuan murgilduta gaude eta atzera bueltarik ez duen aldaketa bat bultzatzen ari gara”. Epe ertain eta luzerako ikuspegiarekin, Gipuzkoako 30 egoitza-zentrotan plazak birmoldatu, sortu eta egokitzeko proiektuak bultzatuko dira; zentro berrien sorrerarekin eta sareko egoitza-zentroetan aktuazio ezberdinak gauzatuz, Azkoitiko egoitzan egiten ari den bezala.
Maite Peñak gogorarazi duenez, aldaketa bizkortu egin da pandemiaren ondorioz, eta jada gauzatzen ari da egoitzetan, Gipuzkoa 2020>2030 Agendaren eta Liburu Berdearen esparruan burutzen ari den lanari esker. Diputatuaren hitzetan, ibilbide-orri zehatz bat dago abian, eta horrek, Azkoitikoan bezala, egoitzak bizikidetza unitate murriztuetan oinarritutako zentro bihurtzen lagunduko du, arreta pertsonalizatu eta berritzailearekin eta komunitatearekiko lotura sendoarekin. “Helburua da gure egoitza sarea pixkanaka egokitzea”, azpimarratu du Peñak.