Izarraitz Lanbide Heziketak formazio eskaintzaren berri eman zuen atzo arratsaldean Eduardo Sudupe zuzendaria buru zela egindako ekitaldian. Bertan Javier Zubizarreta alkateak parte hartu zuen, bailarako beste hainbat alkaterekin, enpresa ordezkariekin, eragileekin eta Iraurgi Berritzenen arduradunekin batera. Besteak beste, hitza hartu zuten Astigarraga Kit Line, Ziur, Ikaslan edota Iraurgi Berritzeneko buruek.
Javier Zubizarreta alkateak azpimarratu zuen, Iraurgi Berritzenekin lankidetzan, enpresek dituzen beharrak eta behar dituzten profilak detektatzeko bailara mailan egiten den lanaren garrantzia. Halaber, Izarraitz Lanbide Heziketak azken urteotan egindako ahalegina, eta emandako jauzi kualitatiboa nabarmendu zituen, bereziki, 2017an Urola Ikastola Azkoitia-Azpeitia BHItik bereizi, eta Lanbide Heziketako zentro gisa funtzionatzen hasi zenetik. Ordutik bi helburu nagusi izan ditu zentroak. Ikaslegoaren prestakuntza enpresek eskatzen dituzten profilekin parekatzeaeta formazio-eskaintza eguneratzea eta zabaltzea. Eduardo Sudupe zuzendariak emandako datuen arabera, zentroak 205 ikasle ditu gaur egun, eta haietatik 142 bailarakoak dira. Genero ikuspegitik begiratuta, 134 gizonezkoak dira, eta 71 emakumezkoak. 2017tik gaur arte, sei formazio ziklo izatetik, bi espezializazio ikastaro eta hamaika ziklo izatera pasatu dira.
Bide horretan, eta Iraurgi Berritzenekin elkarlanean, Izarraitz Lanbide Heziketan Mendekotasun Egoeran dauden Pertsonei Arreta emateko zikloa jarri zuen abian. 2018an, Mekatronika Industriala iritsi zen. Ondoren, Gizarteratze zikloarekin indartu zen eskaintza, eta orain zuraren eta zibersegurtasunaren inguruko prestakuntza gehitu zaio. Atzoko aurkezpenean parte hartu zuten adituek, batez ere zibersegurtasunari begira, dagoen formazio beharra azpimarratu zuten.
Ekitaldia aizkolarien parte-hartzearekin borobildu zen, egurrak material gisa gure bailaran duen garrantzia agerian jartzeko asmoz.