Anaitasuna-Kakute Xake Taldeak Azkoitiko Udalaren laguntzarekin antolatu du omenaldia, klubaren Zuzendaritza Batzordeak hainbat helburu dituelarik. "Batetik, Jose Luis omendu nahi dugu lorpenarengatik. Izugarria izan zen errekor mundiala egitea. Bai orduan eta bai orain, herrian eta lurraldean xake sustatzea da helburu, eta ikastetxeetara gerturatzea. Bestetik, klubeko bazkide berriei gure historia erakutsi nahi diegu, belaunaldi berriek jakin dezatela lehen eskutik, zein izan den iragana".
Kontuan izan behar da errekorra lortzea historikoa izan zela. "Are eta gehiago, garai hartan, 1982an. Komunikabideak gutxi ziren eta gaur egun zabalkundea errazagoa da ordenagailuei, Internetari, sare sozialei edota webguneei esker".
Behin Larrañagak hitzaldia amaituta, saria entregatuko zaio. Bere egunean diploma eta Guinness korbata jaso zituen. Liburua erakutsi omen zioten eta gehiago ez omen du ikusi, eta badirudi 40 urte hauetan dena ahazten ari dela. "Sasoi hartan Guinness errekor bakarra Gipuzkoan 1980ko Real Sociedaden menderaezintasunarena zen. Horregatik, bere momentua zen, ezin zen atzeratu, eta kluba gogotsu zegoen. Belaunaldi berriei baliabide gutxirekin gauza asko lor daitekeela erakusteko modua zen. Gogoa, lana eta dedikazioa behar dira".
Ondoren, hasierako mugimendua egingo du Enrique Tejedor Nazioarteko Xake Maisu (Kantabria) eta 2019ko eta 2018ko Espainiako Txapeldun azkarrak. 33 jokalari izango dira.
Bertan izango dira Azkoitiko udaleko, Xakeko Gipuzkoako Federazioko, klubetako eta Anaitasuna Kakuteko ordezkariak.