Gaur egun zelaiak duen belar sintetikoa 2009an jarritakoa da, eta denboraren eta eman zaion erabilera intentsoaren eraginez, hondatuta geratu da, eta berrikuntza eskatzen du guneak.
Ingurumen-irizpideak errespetatuz, zelaia betetzeko hainbat aukera aztertu dira mikroplastikoen erabilera saihesteko, hala nola, betegarririk gabeko sistemak, hareazko betegarria, eta betegarri organikoa. Azkenik, betelan organikoa aukeratu da, eta arto-buruez ekoiztutako materialarekin egindako betegarria erabiliko da. Gainera, belar azpian jarriko den oinarria drainatzailea eta elastikoa izango da erorikoak leuntzeko. Belar azpiko oinarria polietilenozkoa izango da, eta material beraren hondakinetatik eratorria, beraz, ez du elementu kutsatzailerik izango.
Belar artifizial berria araudia betetzetik haratago doa, ahalik eta kalitaterik altuena izan dezan. Horrez gain, belar artifiziala jarri ostean, tokian bertan entseguak egingo dira, erabilitako belarraren, betegarriaren eta azpiko oinarri elastikoaren kalitatea probatzeko FIFA Quality Pro ziurtagiriaren eskakizunen arabera, eta FIFAk egiaztatutako laborategi baten eskutik.
Belar artifizial berria jartzearekin batera, zoruaren berdintze lanak ere egingo dira, batez ere, ur irteerak hobetzeko. Halaber, aulkiak eta markagailua berrituko dira.