Goikoetxeak sekulako ibilbide musikala du interprete, moldatzaile, konpositore eta ekoizle gisa. Izaera eklektiko argikoa, hernaniarraren ibilbide artistikoan azpimarragarriak dira molde eta adierazpen herrikoien eta folklorikoen erabateko ezagutza, abangoardiako korronteetan duen praktika, bai eta zuzendu eta parte hartutako proiektu ezberdinetan aplikatu dituen teknologia berrien erabilpena ere.
Euskamerata taldearen bidez, Joxan Goikoetxeak ohikoak ez diren ibilbide musikaletara ohitu gaitu. Italian egindako zenbait biratan sortu zen, euskal musika tradizionala ganbera-musikaren estiloan interpretatzen zuten jatorri ugaritako musikarien inguruan. Azken urteotan honako ikuskizun hauek eman dituzte, besteak beste: Iparragirre eta Lete: bi min kantuan edo Itsas Urradurak. Kasu honetan, Andoni Egaña bertsolariaren laguntza bereziaz gain, honako artista hauek lagunduko diote: Klara Mendizabal soprano donostiarra, Juanjo Otxandorena gitarrista esperimentatua (Eskuaire, Alboka, Aintzina, OrekaTx), Iker Lope de Bergara (haize-instrumentuak), Iosune Marín (gitarra) eta Iñaki Beraetxe (errezitatze iradokitzaileak eta sakonak).