"Pozgarria da San Joan bezperan Musika Eskola protagonista izango dela jakitea. Harro egoteko modukoa da. Omenaldi horrek indarrak ematen dizkitu eta motibatu egiten gaitu musikari zaletuen eta profesionalen harrobia eraikitzen eta herriari musika jartzen jarraitzeko. Eskertza adierazpen bat da Udalaren eta herriaren aldetik, eta aldi berean, gu ere, eskola gisa, oso eskertuak gaude eman zaigun aukeragatik", azaldu du Bizkargi Musika eta Dantza Eskolako zuzendari Marijose Arregik.
Asmo handiko proiektu guztiekin gertatzen den bezala, Azkoitian balio akademikoa izango zuen musika eskola bat martxan jartzea lan eta ahalegin handiaren emaitza izan zen.
Donostiako Kontserbatorioak 1979an musika ikasketak deszentralizatzea erabaki zuen. Testuingurua aldatuta, Azkoitian irakasleak eta gurasoak bildu, batzorde bat osatu, eta udaletxean proiektu bat aurkezteko gaitasuna erakutsi zuten. Huraxe izan zen lehen urratsa. Eskola abian jartzeko Eusko Jaurlaritzak behin betiko baimena 1982-83 ikasturtean eman zieten, eta halaxe, ateak irekitzea lortu zuten Erruki-Etxe bezala ezagutzen zen eraikinean. 1985 eta 2015 artean, Gaztanenea Jauregian egon zen eskola, eta 2015etik Elkargunean dago kokatuta.
Eskola etengabe aurrerapausoak ematen joan da bere eskaintza akademikoan. Eskolatik 500 ikasle inguru igarotzen dira urtero eta 17 irakaslek egiten dute lan.