Vicente Molina izan da erakusketa inaugurazioan. Bere hitzetan, Antonio Oteizarekin berriro elkartzea "azken hogei urteotan biok egin dugun ibilbidea aurrez aurre jartzea bezala da. Bere obraren osotasunak, hain maisuki burutuak, sakratutasunari buruzko diskurtso zoragarria oparitzen digu", dio. Molinaren ustez, erakusketa bateratu hau "adiskidetasunaren ikur sakona da, biok elkarrengandik oso gertu ibili garelako".
Bere obrari dagokionez, Molinak "ikusten ez dena transmititzeko ahalegina ikusten du, sakratutasuna alegia, barruan dugun sakonena. Begiekin ikusten ez dena, baina gure bizitza baino funtsezkoagoa dena. Horregatik bilatzen dugu edertasuna den egiaren birplanteatze hori, eta egia, letra larriz, ontasuna besterik ez da. Edertasun hori transmititzen saiatzen naiz".
Vicente Molinak bidelagun izan du aurkezpenean Juan Bautista Mendizabal Ondare zinegotzia eta Oteiza Fundazioko kidea. Mendizabalen ustez, bi artisten lana "gaurko eta betiko artea da. Sakonean gehiago transmititzen duen artea, forma espresionista edo abstraktuekin. Betetzen duena, sakonean kolpatzen zaituena. Bi jenioren esperientzia mistikoa da, bi belaunaldiren abangoardiarik bikainenaren ordezkaritza. Bizitzaren sufritzaile askoren ezagutzak markatutako pertsonak dira, eta haiekin landu dute berreskuratze fisiko eta emozionala".
Bi artistek ibilbide artistiko oparoa dute, eta bien ala bien obra ezagutzeko aukera izango da Portaleburun ekainaren 18ra arte. Erakusketa bisitatu ahalko da astelehenetik larunbatera 18:00etatik 20:00etara. Larunbatetan eta igandetan goizez ere zabalik egongo da 12:00etatik 14:00etara.