"Tenis pista estalia -adierazi du Zubizarretak- duela urtebete estreinatu zuen klubak. Ordurako, Garbiñe Muguruzaren ordezkariarekin hitz eginda geunden, eta bagenekien lehenago edo geroago Azkoitira etorriko zela. Gure asmoa pista estaliren inauguraziora gonbidatzea zen, baina momentu hartan ezin zuen etorri eta ezin genuen pista itxita mantendu. Gure proposamena oso ondo hartu zuten eta berriki jakinarazi digute uztaileko lehen astean izango dela Muguruza gurekin".
Aitortza gisa, pista estaliak tenislariaren izena eramango du: Garbiñe Muguruza. "Denok dugu jatorri bat, eta garrantzitsua da gure sustraiak baloratzen jakitea. Bisita honekin, horixe erakusten du Garbiñe Muguruzak, eta horregatik egin nahi diogu omenaldi xume hau, bere izena jarriz pistari. Gure enbaxadorea izango da munduan".
Javier Zubizarretak hilabeteak behar izan ditu hitzordua ixteko. "Hasiera batean, iazko azaroan, San Martin egunean zen etortzekoa, eta bertan behera utzi behar izan zuen bidaia, baina, egia esan behar badut, lehenengo kontaktutik ez dugu hartu-emanik eten, eta oso eskertuta nago Garbiñe Muguruzari eta bere lantaldeari, hasieratik lankidetzarako erakutsi duten prestutasunagatik".
Muguruzaren bisita ez da ezagutzera eman, ziurtasun osoz baieztatu duten arte. "Klubeko arduradunak, Karmen Zendoia presidentea eta Ainhoa Peña tenis eskolako zuzendaria izan ziren albistea eman nien lehenak, eta pozez zoratzen daude", gaineratu du Zubizarretak.
Txerloia Tenis Klubak 250 ikasle ditu, gaur egun. "Ikasleei esan diegu tenislari famatu bat etorriko dela, baina oraindik izenik ez diegu eman. Pozten gaitu, gainera, emakumea izatea zeren dituzten tenislari erreferenteak gehienak gizonezkoak dira. Muguruzaren bisitan indartu egingo gaitu klub gisa".
Udalaren asmoa da tenislariaren bisita herri mailako ekitaldi xumea izatea. "Horixe adostu dugu Garbiñe Muguruzaren ordezkariarekin, eta hala egiten saiatuko gara".