Tenisari dagokionez, komunikabideei egindako adierazpenetan, esan du oso ondo sentitzen dela baina geldialdi bat behar zuela familiarekin eta lagunekin egoteko. "Oso ondo etorri zait etenaldi hau beste gauza batzuk egiteko eta jendearekin egoteko. Ez dut nahi pistetara bueltatzeko data jarri, zeren orduan ez nuke atseden hartuko. Bueltatu nahi dut benetan gogotsu aurkitzen naizenean". Argi dauka tenisa ez dela ahazten.
Ana Azkoitiak esker oneko hitzak izan ditu Garbiñe Muguruzarekiko. "Gaur -esan dio- zure aitaren jaioterria, zure aitaren sehaska, ezagutu duzu. Era batera edo bestera, Azkoitiarekin eta azkoitiarrekin uztartzen zaituen lotura egin da. Harro gaude". Kirol meritu ikaragarria ukatu gabe, alkateak "gure jatorriari, gure sustraiei, nondik gatozen jakiteari balioa ematearen" garrantzian jarri du arreta. "Gaurko eguna Garbiñe Muguruzak bere aitaren bizitzako sasoi bat hobeto ezagutzeko emandako aukera gisa gogoratzea nahiko nuke. Izan ere, seguruenik aitari ez zitzaion erraza egingo bere herria utzi, eta Venezuelara emigratzea".
Tenislariak berak desestali du bere izena daraman plaka, eta duela urtebete pasatxo estreinatutako tenis pista estaliari izena ematen diona. Tenis saioak asebeteta eta pozik utzi ditu bertaratu diren haur eta gaztetxoak, Muguruzak ahaleginak eta bi egin baititu. Bere denbora ere hartu du gazteen galderei erantzuteko.
Foku mediatikoaz haratago, Garbiñe Muguruzak egun bete-betea izan du. Bere aita Jose Antonio Muguruzarekin eta Arthur Borges mutil-lagunarekin batera, Udaletxea bisitatu du goizean, eta bertan Ohorezko Liburua sinatu du. Unerik hunkigarriena alkateak 1846ko argazki bat eman dionean bizi izan du, non aitona eta birraitonak agertzen diren irudian. Luis Mendizabal azkoitiarrak, tenislariaren urruneko senideak, alkatearen esku utzi zuen opari gisa gaur Muguruzari eman ziezaion.
Udaletxea bisitatu ondoren, tenislariak eta bere aitak San Martin auzoa zeharkatu dute, eta bertan Garbiñe Muguruzak bere aitaren jaioterria ezagutu ahal izan du.