Ziurtagiriaren banaketa ekitaldian izan da Ana Azkoitia alkatea, Iraurgi Berritzenen izenean, SPRIko zuzendari nagusi Aitor Urzelairekin eta Innobasqueko berrikuntzako koordinatzaile den Gotzon Bernaolarekin batera.
Ana Azkoitiak Hazinnova bezalako ekimenen beharra nabarmendu du eta ziurtagiria eskuratu duten enpresak zoriondu ditu. “Normalean, -azaldu du- enpresa handiek badituzte baliabideak berrikuntzarako, eta benetan aholkularitza eta laguntza behar dutenak enpresa txiki eta ertainak dira. Eta gure ekonomiak enpresa txikiak, ertainak eta handiak, denak behar ditu herri honen garapenerako. Eta sektore guztietakoak, gainera. Horregatik da beharrezkoa, Hazinnovak enpresei eskaintzen dien laguntza. Horrelako ekimenak azkenean motor bilakatzen dira. Eta proiektu txikiek emaitza handiak eman ditzakete”.
Ziurtagiri hau gaur jaso duten Urola osoko, Goierri eta Debagoienako enpresa txiki eta ertainek 45 proiektu osatu dituzte Hazinnova 2022 deialdiaren bidez. Berrikuntzak produktuetan zein negozio-prozesuetan, fabrikazioan, logistikan, merkaturatzean, administrazioan edo finantzetan egin dituzte.
Ziurtagiriak banatu ondoren, berrikuntzako kasu praktikoen aurkezpena egin dute Hazinnova 2022 programan parte hartu zuten enpresetako hiruk: Azkoitiko Erlo Group, Zumaiko Siliconas Silam eta Zaldibiko Euskaber. Euren esperientzia praktikoak eta lortutako emaitzak partekatu dituzte.
Hazinnova 2023 deialdia
Hazinnova 2023 deialdia zabalik dago jada eta interesa duten enpresa berriek urriaren 26ra arte eskatu ahal izango dituzte laguntzak. Programak 2,7 milioi euroko aurrekontua du esleituta urte honetarako.