Halaber, Udalak herritarrei laguntza eskatu die festetan kaleak gune seguruak izan daitezen, eta inork ez dezan beldurtzeko arrazoirik sentitu.
Hilaren 14an, 16an eta 18an, gaueko hamaiketatik goizeko ordubiak bitartean, Sexu-Bizi zerbitzua Azkoitian izango da eraso sexisten aurkako informazioa eta babesa emateko, harreman osasuntsuak sustatzen dituen gune segurua, hain zuzen. Bai jaietako egitarauan, bai hainbat tokitan jarriko diren informazio-totemetan, telefono-zenbakien zerrenda bat jasotzen da laguntza eskatzeko.
Halaber, drogen kontsumoari lotutako arriskuak prebenitzeko eta murrizteko espazioa ere eskura egongo da. Alkoholaren eta beste droga batzuen kontsumoa egon ohi da sarritan jokabide desegokien atzean. Horregatik, Udalak zabaldutako leloa da "Ondo pasa, pasatu gabe!".
Txapelen banaketa
Berdintasun eta Prebentzio arloak sustatutako kanpainaren baitan, moratu koloreko txapelak banatuko ditu Udalak, “Baietzik gabe, ezetz da” mezuarekin.
Txapelak doan banatuko dira abuztuaren 12an, Parrokia aurrean, 12:00etatik 13:00era, eta abuztuaren 14an, Kontzejupean, 10:30etik 11:30era.
Inklusioa sustatuz
Herriko festak guztionak diren heinean, herritar guztiek dute jaiez gozatzeko eskubidea. Horregatik, hartutako beste neurrietako bat da ordu jakinetan barraketan musika kentzearena, behar bereziak dituzten pertsonek erosotasunez eta zaratarik gabe barrakez gozatzeko aukera izan dezaten. Gainera, ez dute ilararik egin beharko, lehentasuna izango baitute horretarako txartela erakutsita.
Abuztuaren 14tik 18ra, biak barne, barraketan ez da musikarik ipiniko 18: 00etatik 19:00etara.