Gainerakoan, eta "gertaera tamalgarri horretaz gain", Ana Azkoitia alkateak Andramaixen lehen balorazioa egiterakoan, "positibotzak” jo ditu festak. "Ez dut neurgailurik, eta dagokion batzordean egingo dugu balorazio zehatzago eta kritikoago bat, baina, uste dut orokorrean jendea kalera dibertitzeko gogoz, eta musikaz, aktibitateez eta konpainiaz gozatzeko atera dela, eta lortu ere, lortu duela. Ondo joan dira festak, baina beti dago puntu beltzeren bat".
Alkateak azpimarratu du 18ra arte ez dela nahigabeko gertakari esanguratsurik izan. "Jaietan, goizero, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak esku-hartzeen eta gorabeheren partea jakinarazten zidaten, eta 18koa kenduta, gauak normaltasunez joan dira festetan", adierazi du Ana Azkoitiak.
Kontzertuek, kaleko musika ikuskizunek, Salbeak edo film laburren lehiaketak, besteak beste, "jende asko erakarri dute". "Txupinazoan bertan plaza gainezka zegoen, eta handik atzera, kaleak oso animatuta egon dira".
Plaza Ondo Jubilatuen Elkarteak, Udalaren laguntzarekin, antolatu ohi duen senidetasun bazkarian ere asmatu egin dela uste du alkateak. "Lehenengo aldiz bazkaria Azkoitian izan delako, eta omenduek eta euren familiek ez dutelako herritik mugitu beharrik izan”. Elkargunean egin da aurten bazkaria eta 200 lagunetik gora bildu dira.
Kuadrillen bazkaria ere arrakastatsua izan da, ia 1.400 lagunen parte-hartzearekin.
"Jakina — gehitu du alkateak — beti geratzen dira hobetu daitezkeen gauzak eta xehetasunak. Urtero zerbait ikasten dugu, eta hurrengo jaietara eramaten saiatzen gara, baina garrantzitsuena da jende asko inplikatu dela, eta oso jarrera ona nagusitu dela. Udaletik esker oneko mezua helarazi nahi diegu guztiei, umeengandik hasi eta adinekoenganaino". "Datorren urtean gehiago eta hobeto", esan du alkateak.