Elizondok 2014an argitaratu zuen "La música para órgano en el País Vasco y Navarra desde 1880 hasta 1980. Catálogo de obras y biografía de autores”. "Liburu hartan -azaldu du- Euskal Herriko eta Nafarroako 50 konpositorek idatzitako organorako musika jaso nuen, eta Eduardo Torresek eta José Ignacio Prietok sortutako obrak gehitu nizkien, Euskal Herriarekin dituzten lotura bereziak direla-eta. Oraingo honetan, Eduardo Torres Pérezen (1872-1934) jaiotzaren 150. urteurrena ospatu nahi izan dut, katalogo hori eguneratuz eta Espainian 1880 eta 1980 artean organorako idatzitako lanak gehituz. Bilaketa horren emaitza da:175 konpositore eta organorako idatzitako 1.900 obra".
Azkoitiko herriari eskaini dio liburua, eta Azkoitian aurkeztu nahi izan du organistak gure herriarekin duen lotura estua tarteko. Bere tesia ere Azkoitiko parrokian defendatu zuela adierazi du.
Elizondok beste hainbat liburu ditu aurretik idatziak: "La organería romántica en el País Vasco y Navarra (1856-1940)", "La música vasca para el órgano", "Escritos diversos para el órgano" edota "El órgano en Gipuzkoa".
Azkoitiko Cavaillé-Coll organoa
Azkoitiko Cavaillé-Coll organo apartaren 125. urteurrena eta Eibarko San Andres elizako Melcher organoaren mendeurrena gogoratuz osatu du argitalpena Elizondok.
Azkoitiko Cavaillé-Coll, XIX. mendeko organo fabrikatzaile ospetsuak, Aristide Cavaillé-Collek, eraikitako azken tresna handia izan zen. 1898ko otsailean inauguratu zen. Garai hartan, Juan Maria Etxaniz zen Azkoitiko organista. Gaur egun, Jose Luis Frantzesena da teklatuaren aurrean izaten dena.
Azkoitiko organoak 56 notako eskuzko hiru teklatu eta 30 notako pedalezko teklatu bat ditu, guztira 40 jokorekin.
Azken hiru urteotan, esaterako, nazioarteko ospea duten organistek jo dute Azkoitiko organo erromantiko-sinfonikoa. Besteak beste, aipatzekoak dira Felix Hell, Marc Meisel, Ana Belen García, Rudolf Müllere, Maria Mokhova, Lidia Ksiazkiewicz, Loreto Aramendi, Sarah Pérarna, Kurt Lueder, Jan Vermeire, Prsemyslaw Kapitula, Oscar Candendo, Marie-Bernadette Bufourcet edo Juan de la Rubia.
Urtero Azkoitiko, Azpeitiko eta Bergarako herriek antolatzen duten Organo Erromantikoaren Nazioarteko Zikloa bertako eta inguruko organo-ondarea balioan jartzen duen ekitaldietako bat da, Donostiako Hamabostaldiko organo zikloarekin batera. Bietan aparteko lana egin du Elizondok.