Ordenantza berrietan jasotakoaren arabera, 2024an, tasetan eta zergetan %2ko igoera ezarriko da. Halaber, etxe hutsei %100eko errekargua erantsiko zaie zenbait salbuespenekin, eta hobariak egingo dira eguzki-plaken eta kargagailu elektrikoen instalazioengatik.
Ana Azkoitia alkatearen hitzetan, “akordio zabala lortzeko ahalegina” egin da. “Egia da iaz bere hartan utzi genituela tasak eta zergak, eta ez genuela igoerarik ezarri. Pandemia batetik gentozen eta laguntzeko momentua zela iritzi genion. Orain, igoera bat egitearen beharra ikusten dugu. Edozein ekonomiatan gertatzen den bezala, Udalak diru-sarrerak behar ditu eskaintzen dituen zerbitzu eta prestazioei eusteko. Ez da dena zuria ala beltza. Horregatik, saiatu gara zentzuz jokatzen, eta ahalik eta formula orekatuena bilatzen”. Udalak azken urteetan oso-oso justuko igoerak egin ditu.
Energia garbiak
Udalak eraginkortasun energetikoa saritu egingo du. Ondasun higiezinen gaineko zergan edo kontribuzioan %50eko hobaria aplikatuko da, betiere, 1.000 euroko gehienekoarekin edo energia instalazioaren kostuaren %50, bost urtez aplikagarria. Energia garbiengatik ezarritako hobaria etxebizitzentzat eta industriarentzat izango da. Ibilgailu elektrikoentzat kargagailuak ipintzeagatik ere laguntza bera emango da.
Eraikin, Instalazio eta Lanen gaineko zergan iaz %95eko hobaria ezarri zen eguzki-plakak jartzeagatik, eta aurten jarraipena emateaz gain, kargagailu elektrikoak ipintzeagatik ere %90eko hobaria egitea erabaki da.
Etxe hutsei errekargua
Errekargua ordaintzetik salbu daude Azkoitian erroldatu gabe dauden eta Azkoitian etxebizitza hutsa duten jabeek, argindarraren kontsumoa gutxienez 230 kWh/urteko bada. Azkoitian erroldatutako etxe hutsen jabeei ere ez zaie errekargua ezarriko elektrizitate kontsumoak gutxienez 1.200 kWh/urteko gainditzen badu. Kasu bietan, salbuespena etxe bakarrari aplikatuko zaio.
Banaketa edo dibortzioaren ondorioz hutsik geratutako etxeei ere ez zaie errekargua erantsiko.
Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga (OHZ/ IBI)
Orokorrean %2koa izango da igoera. Industria ondasunen kasuan, %3,07koa izango da igoera, eta %1,48, landatarra.
Ibilgailu historikoak
Gaur egun, “historiko” izendapena duten autoek eta 30 urte baino gehiagoko ibilgailuek ez daukate zirkulazio-zerga ordaindu beharrik. Datorren urterako aurreikusten da ibilgailu historikoen inguruko araudi aldaketa, eta ondorioz, hurrengo ordenantzetan, indarrean 2025ean sartuko direnetan, salbuespena ibilgailu historikoei bakarrik egingo zaie.
Elkarguneko tarifak
Orokorrean gainerako tasen igoera bera aplikatuko da Elkargunean, hau da, %2a.
%65eko desgaitasuna edo handiagoa duten pertsonek %25eko hobaria izango dute matrikula egiterakoan, eta baita hileroko kuotetan ere.