Arduradunen esanetan, eskualdeko alojamendu establezimenduekin lankidetza areagotzeko esfortzu berezia egiten ari dira azken urteetan."Lankidetza horren ardatzetako bat establezimenduak preskriptore bihurtzea da, hau da, beraien bezeroen artean nolabaiteko “turismo bulego lana” beraiek egitea, eskualdeko eskaintza turistikoaren gaineko informazioa bezeroen eskuragarri jarriaz. Bere fruituak ematen ari da lan hori, eskualdean ostatu hartu duten turisten gehiengoak jada ez baitu bulegoko zerbitzuen beharrik izaten. Bestalde, IKT-ek informazioa eskuratzeko beste hainbat aukera bideratzen dute".
Alojamenduari dagokionez, uztailean eta abuztuan okupazioa %80koa izan da. Aipatu epean 30.000 gau igaro dituzte turistek Urola Erdian, etxebizitza eta logela turistikoak kanpo utzita. Datuak ikusita, Iraurgi Berritzenen hitzetan, turismo ikuspegitik uda ona izan da.
“Aurtengoan –diote Iraurgi Berritzenetik- baieztatuta gelditu zaigu Urola Erdian ostatu hartu duten turisten gehiengoak eskualdearen kokapen geografikoa izan duela motibazio nagusi. Euskal Herriaren erdigunean kokatua, paregabeko tokia da Euskal Herriko hiriburuak nahiz txoko desberdinak ezagutzeko eguneko txangoak eginez”.
Datuak onak izan arren, “oraindik ere turismo jarduera eta turisten sarrerak urte sasoi konkretuetan oso kontzentratuta jarraitzen dute egoten, udan, Aste Santuan eta zubietan. Fluxuak denboran eta espazioan banatzen dago erronka, hau da, batez ere, Donostian kontzentratzen dena lurraldean zehar banatzen eta denboraldi altuko sasoi horietatik beste hilabete eta aroetara barreiatzen”. Turismo jasangarriaren oinarriak dira aipatutakoak eta ildo horretan ari da lanean Iraurgi Berritzen. “Erakunde publikoekin eta turismo arloko enpresekin elkarlana areagotu eta marketing eta lehiakortasun turistiko estrategietan berrikuntzak txertatzen jarraitzea da tokatzen zaiguna”.