“Igerileku berriaren idazketa proiektua 2019ko udal aurrekontuetan sartuta dugu eta beraz, hilabete gutxi barru esku artean izango dugu proiektua. Aldi berean, finantziazio iturriak aztertzen jarraituko dugu esku-hartze garestia baita. Hasierako balorazioaren arabera, milioi t’erditik gorako aurrekontua du. Edonola ere, ez gaude geldirik eta aurrera goaz, egungo instalazioak handitzeko borondate osoa dugulako”, azaldu du Javier Zubizarreta alkateak.
Lizitazioaren iragarkia atzo –irailak 18- argitaratu zen eta proposamenak iragarkia jartzen den hurrengo egunetik kontatzen hasita, 15 egun naturalen barru aurkeztu beharko dira. Hau da, urriak 3 da proposamenak aurkezteko azken eguna.
Iaz Udalak Sestra enpresari azterlan bat eskatu zion igerilekuak handitzeko egon zitezkeen alternatibak lantzeko eta ondoren, interes taldeei aurkeztu zitzaien azterlana. Bost alternatiben artean, bat lehenesten zuen azterketak.
Onesten den aukeraren arabera, igerileku berriaren basoa egungo belar artifizialeko futbol zelaian kokatuko da, oraingo igerilekuetatik hurbilen dagoen gunea delako. Orain dauden igerilekuak, noski, mantendu egingo dira. Horrekin batera, futbol zelaia kanpoko saskibaloi pista dagoen tokira lekualdatuko litzateke.
Exekuzio proiektuak Sestraren azterlana hartuko du oinarri.