Javier Zubizarretak batasuna nabarmendu du. “Iraurgi Berritzenen aterkipean, ditugun guneen garrantzia azpimarratu nahiko nuke: Tokiko Garapen Gunea, Enpresa Gunea, Hezkuntza Gunea eta Enpleguarekin loturiko Urolanprest gunea. Iraurgi Berritzenek duen parte-hartze eta lankidetza ereduak argazki honetara eramaten gaitu. Enpresak, eskolak eta udalak bat egiten dugun argazkira. Eta hori da etorkizuna. Hori da etorkizunari begiratzeko eta aurre hartzeko bidea”, esan du.
Izan ere, bailarako hiru udal, sei ikastetxe eta 60 enpresetatik gora batzen ditu Iraurgi Berritzenek.
Horren harira, atzean ez geratzeko harreman sareak behar ditugula ere gaineratu du Zubizarretak, “gure bizi-mailari eusteko, gizarte aurreratu, solidario, berdin eta justu bat eraikitzeko. Eta hori, bat eginda lortuko dugu. Edo ez dugu lortuko”.
Iraurgi Berritzenen lehendakariaren irudiko, bailara bezala baditugu betekizunak eta ardurak. “Saiatu behar dugu formakuntza eskaintza zabaltzen eta errazten, hizkuntzak erakusten, profil kualifikatuak ateratzen, enpresekin elkarlanean, elkarbizitza aberasten. Azken finean, trenak ezin digu ihes egin. Datozen belaunaldiekiko dugun ardura da.” Halaber, aipatu du sarritan kosta egiten dela herritik begirada altxa eta bailarako ikuspegiari heltzea eta hori ere gainditu beharrekoa dela.
Imanol Lasa diputatuaren eta Begoña Beobide zuzendariaren hitzen ostean, Iraurgi Berritzenen Sare Kontseiluak, enpresa, ikastetxe, udal eta enplegu guneko kideek, alegia, landutako proiektuak azaldu dituzte.
Halaber, genero berdintasunak garapen sozioekonomikoan dituen ondorioen hausnarketa egiteko aprobetxatu dira Topaketak. Horretarako, Pilar Kaltzada kazetari eta enpresa-aholkularia gonbidatu dute. Genero berdintasuna lortzeko urratsen inguruko gogoeta egin du adituak, desberdintasunaren kostu ekonomiko eta sozialak eta erronkak azalduz.
Azpeitiko eta Zestoako alkateek eman diote itxiera ekitaldiari.