Izen-emate epea urtarrilaren 31n itxiko da. Ikastaroetan inskriba daiteke Udaleko Harrera Bulegoan, 943 08 00 80 telefonora deituta edo mezu bat idatzita berdintasuna@azkoitia.eus helbidera.
Aratz Trecetek azaldu du berak emango duen ikastaroaren helburua dela etxean suertatzen diren konponketa xumeak egiten erakustea. “Iaz eman zen ikastaro hau eta ikusi nahi dut partaideek ze maila duten. Emakumeok trebeak gara, ahal ditugu lan horiek egin eta beldurra kendu behar diogu taladroa erabiltzeari, hormako pitzadurak tapatzeari, zerrari edo masari… tamalez sarritan gizonen esku uzten ditugu eta emakumeak prestatuta gaude, beraz, guztion artean ikastea da helburua”.
Batukada bezala, etxeko konponketen inguruko lantegia Izarraitz Lanbide Heziketa zentroan emango da. Zentroak bere instalazioak uzten dizkio Udalari aipatu ikastaroetarako. Horregatik, Mertxe Zubillaga zinegotziak publikoki eskertu nahi izan du Izarraitz Lanbide Heziketaren prestutasuna eta laguntza.
Bere aldetik, Josune Milanek zoru pelbikoan jarriko du begirada. “Ikusiko dugu zer den zoru pelbikoa, zein den funtzionamendua eta zertarako balio duen, ekar ditzakeen arazoak eta arazo horiei nola aurre egin”. Dauden tratamenduak eta zoru pelbikoa indartzeko egin daitezkeen ariketa fisikoak azalduko ditu. Tailerrak alde teorikoa eta praktikoa izango ditu. Itxaron zerrenda dago ikastaro honetarako.
Nobedade gisa, oraingoan menopausiaren inguruko ikastaroa emango da. Berdintasun teknikariak eman ditu tailerraren inguruko zertzelada nagusiak. “Ikastaroa gidatuko duen Virginia Belategik esaten du menopausia garaia galera gisa ikusten dela, gaztetasunaren galera, erreproduzitzeko galera… eta aldiz, inork ez digu garai honek ekar ditzakeen irabaziez hitz egiten”. Bere esanetan, “menopausiak emakumeari barrura begiratu eta dituen benetako premiez jabetzeko aukera eskaintzen dio. Eta hori guztia sei saiotan azalduko du”. Saioen helburua da emakumeei informazioa eta baliabide praktikoak eskaintzea, hain ezezagun eta baztertuta dagoen gure bizitzako ezinbesteko etapa hau era osasuntsuan kudeatzeko, bai arlo fisikoan, bai psiko.emozionalean.
Ikastaro eskaintza batukadarekin osatzen da. Batukada saioak ekainera arte luzatuko dira. Jada talde bat osatuta dago edizio ezberdinetan parte hartzen duena eta lortu dute topagune bat euren kezkak, esperientziak eta bizipenak partekatzeko.