Proposamenaren xedea da hizketaldietan erabiltzen dugun hizkuntzaren gainean hausnarketa egitea, alegia, etxealdian erabiltzen ditugun hizkuntza- ohiturak zeintzuk diren eta ohitura horien zergatiei erreparatzea. Euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan erabiltzeko gonbidapena da.
Hizkuntza portaeren eta ohituren gaineko hausnarketa egingo da apirilaren 23ra arte. Jarraian, hilaren 24tik 30era, ohiturak aldatu edo finkatzeko zazpi proposamen praktiko zabalduko dira eta maiatzaren 3an, amaierako ekimen bateratua egingo da.
Ekimenak irauten duen bitartean goizero Euskaraldiko sare sozialetan, Facebook, Instagram eta Twitter-en, Ahobizi eta Belarriprest Telegram kanaletan eta Euskaraldiako webgunean bideo labur eta mezuen bidez emango dira “Etxealditik Euskaraldira” ekimena gizarteratu eta parte hartzeko jarraibideak. Udalak eta Euskara Mahaiko kideek beraien sare sozialetan partekatuko dute informazioa.
Ekimenean parte har daiteke bideoak eta argazkiak sare sozialetan zabalduz @euskaraldia eta #EtxealditikEuskaraldira traola erabiliz edota leiho eta balkoietan koloretako puntu bat jarriz. Herrietako argitalpenak bereizteko gure kasuan #Azkoitia erabiltzea eskatzen da.
2013ko udan lanean hasi zen Euskara Mahaiaren kideak honakoak dira: Xabier Munibe Ikastola (Udaberri eta Indarlan Guraso elkarteak barne), Floreaga Salestar Ikastetxea (Elkarrekin Guraso elkartea barne), Izarraitz Lanbide Heziketa, Azkoitia BHI, Bizilore Eskola Aktiboa, Azkoitiko AEK Euskaltegia, Erniarraitz Bertsozale Elkartea, Maxixatzen Euskaldunon Elkartea, UKT eta Azkoitiko Udala.
"Etxealditik Euskaraldira" ekimenarekin Azkoitian aipatutako erakunde guztiek egin dute bat.