Javier Zubizarreta alkateak “oso albiste ona” dela adierazi du Visesako zuzendari nagusiak eman diona. “Koronabirusak murgildu gaituen ziurgabetasun ekonomiko egoera honetan, are eta berri hobeagoa da ikustea beharrean dauden famliek aukera izango dutela babestutako etxebizitza bat edo etxebizitza sozial bat eskuratzeko. Bi promozioen artean babestutako 32 etxe dira eta beste 14 sozialak izango dira. Floreagako ezustea bezalakorik ez errepikatzea espero dut eta etxea tokatu zaienek lehenbailehen izan ditzatela giltzak eskuan”.
“Etxeen -dio alkateak- esleipendunek denbora daramate lanak hasi zain” eta Visesaren aurreikuspenen arabera, lanei bi hilabeteren buruan ekin ahalko zaie.
Floreagan babes ofizialeko 16 etxebizitza eta beste 14 etxebizitza sozial eraikiko dira. Obrak geratuta egon dira eraikuntza enpresak Visesari proiektuarekin jarraitzea ezinezkoa zitzaiola komunikazu zionetik. Kontratua bertan behera uztearekin batera 2018ko ekainean hasitako obrak gelditu egin ziren eta Visesak berriro lizitaziora atera behar izan zituen lanak. 2019ko abuztuan atera zuen lizitazioa. “Altuna y Uria enpresari egindako lanen esleipenak fase berri bat zabaltzen du, azken fasea izango dena”, esan du alkateak.
Idiakez Ederra etxea, horma artean bizitza hartzeko irrikitan
Visesaren presentzia Azkoitian bikoitza da. Floreagako promozioarekin batera, Idiakez Ederra (Nagusia 80) etxearen kudeaketa bere esku baitu. Azken proiektu honi dagokionez, sozietateak lizitazio prozesua berrartu du eta lehiaketan parte hartu nahi duten enpresek maiatzaren 29rako aurkeztu beharko dituzte euren proposamenak. Eraikinaren kontserbazio, birgaitze eta balioan jartze lanek 25 hilabeteko exekuzio epea dute.
Eraikinak esku-hartze zorrotza eskatzen du, monumentu multzo kategoriarekin sailkatutako kultura ondare izendapena baitu eta horrek fatxada nagusien zaharberritze eta kontserbazio zientifikoa eskatzen du. “Gero eta -dio Zubizarreta alkateak – gertuago dago Idiakez Ederra andamiorik gabe eta bizitza hartzeko irrikiz ikusiko dugun eguna”.