Eskari handiko titulazioa da arduradunen iritziz. Horren erakusgarri da egungo edo etorkizuneko ikaslegoaren aldetik izandako harrera. “Aurrematrikula egiteko epea atzo zabaldu zen eta lehen hiru orduetan zortzi lagunek egin zuten ziklo berri honetarako aurrematrikula”, azaldu du Eduardo Sudupe zuzendariak.
Zentroko mintegi-burua den Roberto Peñaren esanetan, “ziklo berri honek jarraipena ematen dio erdi mailako Mendekotasun egoeran dauden pertsonen arreta zikloari. Bailarari erantzun bat ematea ahalbidetzen du zeren orain arte gure ikasleak kanpora atera beharra zeukaten ziklo hau egiteko. Oso garrantzitsua da aukera hau ematea”.
Kontuan izan behar da plaza kopurua mugatua dela, 25ekoa, eta litekeena da eskaria eskaintza baino handiagoa izatea.
Ziklo berri honen bueltan, ikastetxeak bailarari zerbitzu bat eman nahi dio, funtzio sozial bat betez eta sarean elkarlana sustatuz gainerako erakunde, enpresa eta eragileekin. “Bailara ematen ari zaigun guztia bailarari bueltatu behar diogu. Ziklo honek elkarlanerako eta harremanetarako aukera emango digu. Gure zentroan bertan praktikak egin beharrean, ikasleek gizarteak behar duen zerbitzu bat eman dezakete”, azaldu du Iñigo Azkue irakasleak.
“Marea Urdinak – dio Eduardo Sudupek – galdetu zuen “Zer egin dezaket nik inklusioaren alde? Ba guk ikastetxe bezala ere galdera hori egin dugu eta aterabidea eman nahi diogu”.
Izarraitz Lanbide Heziketak 180 ikaslekin ekin zion 2019-20 ikasturteari eta ziklo berri honi esker kopurua igo egingo da datorren ikasturtean.
Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailak du zentroek egindako formazio eskaerak ontzat eman edo atzera botatzeko eskumena. Izarraitz Lanbide Heziketak bigarren ziklo bat ezartzeko eskaera ere egina zuen baina ez da onartu. Plataforma anitzeko sareen garapen zikloa nahi zen ezarri, zehazki. “Datorren urtean berriro egingo dugu eskaera zeren enpresek informatikariak hartzeko benetako beharra dute. Dagoeneko martxan dugun Mekatronikako zikloa eskatzen zuten enpresak berak dira orain beste profil hau eskatzen ari zaizkigunak”.
Aurrematrikula, derrigorrezkoa
Izarraitz Lanbide Heziketako arduradunek gogorarazten dute aurrematrikula derrigorrezkoa dela. “Aurrematrikula egiteak ez du ezertara lotzen eta, aldiz, aukera bat ematen du. Batxilergoko ikasle askok unibertsitatean egiten dute aurrematrikula baina gure zentroan ere aurrematrikula eginez gero, unibertsitatean onartuak izan ez diren horiek beste aukera bat dute. Notarik ere ez da eskatzen aurrematrikula egiteko orduan”.
Goi mailako zikloa egiteko batxilergoa edo erdi mailako zikloa egina izatea eskatzen da.
Aurrematrikula egiteko epea hilaren 19an amaituko da eta matrikula epea, berriz, uztailaren 13tik 17ra izango da.
Eskertza
Eduardo Sudupe zuzendariak alkateei, Udalei, enpresei eta Iraurgi Berritzeni bere esker ona adierazi die bide honetan emandako laguntzagatik.