Ogasun zinegotzi Ana Azkoitiak azaldu duenez, “ezusteko gastuak eta murrizketak izaten ari gara erakundeok, pandemiaren eragin zuzena edo ez zuzena sufritzen ari diren hainbat eta hainbat familiak bezala. Horregatik, oreka bilatu nahi izan dugu zeren diru-sarrerarik gabe ezin zaie ditugun zerbitzu publikoei eutsi. Ongizate sistema babestu beharra daukagu kontu publikoen egonkortasun finantzarioa erauzi gabe. Balantza horretan mugitzen gara”.
Azkoitiak gogorarazi du covid 19aren krisiak “eszenatoki eszeptikoagoetara” eraman gaituela. Udalentzat ondorioetako bat da Foru Fondoaren murrizketa.
Testuinguru horretan kontribuzioaren eta prestazio sozialen gaineko tasak izoztea aurreikusten da. Hau da, oraingo tasa berak jarraituko dute indarrean etxez-etxeko laguntzaren eta apartamentu tutelatuen kasuan. Mugikortasunean eta autonomian laguntzeko pertsona nagusiei eta dependentzia edo desgaitasuna dutenei ematen zaien laguntza teknikoaren gaineko tasa ere bere horretan utziko da.
Gainerako tasa eta zergei KPIa aplikatuko zaie. %1,2a alegia. 2019ari dagokion Euskadiko KPIa da. Udaleko kontuhartzailetza zerbitzuak, irizpide bezala, argitaratutako urteko azken KPIa hartzen du kontutan, aurtengo urteko kalkulu estimatuak egiteak ez duelako zehaztasun berdina. Oinarri horretatik abiatuta, 2021ean %1,2a aplikatuko da, aurrez aipatu salbuespenetan ezik.
Elkargunea
Elkargunearen kasuan ere KPIa aplikatuko da, %1,2a. Tasa berri bat ere sortuko da bazkide ez diren erabiltzaileek egun erdiko sarrera – goizekoa edo arratsaldekoa - erosi ahal dezaten, batez ere Ugarteigarango igerileku irekiak eguerdi partean itxi behar izaten direnerako, covid 19a eta desinfekzio lanengatik uda honetan gertatu den bezala.
Udal osoaren bilkuraren onespena
Udal ordenantzen hasierako onespenak EAJ/PNVren aldeko botoak jaso ditu. EH Bildu eta PSE-EE abstenitu egin dira eta Azkoitia Bai-k kontra bozkatu du.
Elkarguneko tasen kasuan, EAJ/PNVk alde bozkatu du. EH Bilduk eta Azkoitia Bai-k kontra eta PSE-EE abstenitu egin da.
Erakusketa publikoa
Ordenantza fiskalak 30 egunez erakusketa publikoan egon ondoren sartuko dira indarrean, betiere, alegaziorik aurkezten ez bada.