“Auzoko irisgarritasuna – azaldu du Javier Zubizarreta alkateak – hobetzeko konpromisoa hartu genuenetik egindako bidea ez da makala, irisgarritasuna eskubidea delako eta ez pribilegioa. Ez dugu inor etxetik atera ezinik geratzerik nahi bitarteko ezagatik. Beti argi utzi izan dugu Udal honen inbertsio ahalmenarekin ezinezkoa dela horrelako proiektu bat kolpera egitea, baina bai planifikazioarekin eta aurreikuspenarekin. Lehenengo igogailua jartzearekin proiektua paperean izatetik erabiltzera pasako gara”.
Udalak 2018an egin zuen alternatiben azterketa Floreagako irisgarritasun arazoei konponbidea emateko. Azterlanak ondorioztatu zuen beharrezkoak direla bost esku-hartze. Proiektu osoak aurreikusten ditu lau igogailu, hainbat pasabide, arranpa eta zebra-bide berriak. Egitasmoa bost fasetan bereiztea erabaki zen. 1 eta 2 faseen exekuzio proiektuaren idazketak egiteraino aurreratu da. Lehenengo fasea dagoeneko bideratuta dago lizitazioarekin.
Lehenengo faseak Floreaga eta Zuazola kalearen arteko irisgarritasuna hobetuko du. Zuazolako bizilagunentzat baliagarria izateaz gain, Floreaga Ikastetxe ondoan eraikitzen ari diren etxebizitzetako bizilagunentzat ere erabilgarria izango da eta baita hezkuntza zentroentzat ere. Igogailuak bi pasabide eramango ditu, bata Floreaga Ikastetxera iristeko eta bestea, Zuazola kalera.
Bigarren fasean eraikiko den igogailuak Zuazola kalea, Zuazola plaza eta Floreagaberri lotuko ditu. Hirugarren fasean eskaileren tokian arranpak jarriko dira Zuazolan. Laugarren faseak Floreagaberrin beste igogailu bat aurreikusten du eta azken fasea Izarraitz eta Aretxabaleta arteko igogailuarena da.