Ordezkari politiko guztiek izan dute enpatia sektoreariko, Javier Zubizarreta alkateak esan bezala, “tragikoa baita lana izan eta ezin lanik egin”, baina garbi utzi nahi izan dute administrazioak bere mugak eta epeak dituela.
Ostalarien taldearen bozeramaile Jon Ander Larramendik, denen izenean, ahalegin bat eskatu du bi ildotan. Batetik, udal tasen ordainketetatik 2021ean aske uztea eskatu du “hau luze doalako”. Bestetik, dituzten gastu finkoak ordaintzen nola lagundu dezakeen Udalak aztertzeko eskatu du. Alegia, argiak, ura, gizarte-segurantza edota Aldi baterako Enplegu Erregulazio Espedienteak, alegia, ERTEak. “Nahi dugun bakarra da gure negozioak mantentzea, lanpostuak ez galtzea eta herriari bizirik eustea”.
Ana Azkoitia Ogasun zinegotziak aurreratu die Udalak aurreko urtean emandako antzerako laguntzekin jarraitzea aurreikusten duela. Gogoratu du iazko urtean hiru laguntza mota ezarri zirela. Hainbat tasen ordainketak salbuestea, erosketa bonuen kanpainak egitea eta dirulaguntza zuzenak ematea. Bonuen kasuan, azaldu du, sektoreka atera zirela merkatariek hala eskatuta eta kosta egiten dela saltzea. “Herritarrek bonuak nahi dituzte nahi duten tokian erabiltzeko eta merkatariek, berriz, bonuak ahalik eta establezimendu gehienetara iristea nahi dute”. Dirulaguntza zuzenei buruz, Ana Azkoitiak gaineratu du, Udalari kosta egin zitzaiola ateratzea “baina epea uztailean amaitzen zen eta abuzturako 900 euro jasota zenituzten”.
“2021eko laguntzak ildo beretik joango dira”, esan du Azkoitiak itxaropen faltsuak saihesteko. “EH Bilduk ostalaritzarentzat diru partida bat jartzea eskatu zuen 2021eko aurrekontu orokorretan eta horrela egin da, baina beharrezkoa da partida hori handitzea. Otsailaren 9ra arte ez dugu aurtengo aurrekontua erabilgarri izango eta ordura arte behintzat ezingo dugu laguntza berririk atera”.
Bere aldetik, EH Bilduko ordezkari Iraitz Otañok esan du Udala bere gaitasun txikiaren baitan ahalegin handia ari dela egiten. Azkoitia Bai-ko Jose Joakin Etxanizek ere bere prestutasuna agertu du oslariekin eta beste alderdiekin dirulaguntzak aztertzeko.
Udalaren mezua argia izan da. “Sektoreari lagundu nahi diogu, baina ezin dugu esan noraino. Aztertu beharra daukagu”.
Ostalariek azkartasuna eskatu diote administrazioari eta lehenbailehen egitea bigarren bilera bat.
Erantzukizun indibiduala
Javier Zubizarreta alkateak bilera aprobetxatu nahi izan du osasun eta segurtasun arauak zorrotz bete ditzatela eskatzeko.
Bileran parte hartu duten alde biek herritarrei arauak bete ditzatela eskatzen diete. Erantzukizun indibiduala eta kolektiboa da. Bezeroak arauak ez baditu betetzen, ostalaria trantze txarrean uzten du. Batetik, bezeroarengana jo eta aurpegia eman behar duelako eta bestetik, zigortua izan daitekeelako.