Dirulaguntza hauek 2020an emandakoei gehitu behar zaizkie. Udalak 200.000 euro bideratu zituen merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuentzat. Onuradunen artean 40 ostalaritzako establezimenduak izan ziren. Bakoitzak 900 euroko dirulaguntza jaso zuen. Bakarra izan zen erdia jaso zuena. Segurtasun protokoloak bete ahal izateko egin behar izan dituzten inbertsioengatik ere, eman dira laguntzak. Azken laguntza hauetarako deialdiak zabalik jarraitzen du.
Ostalaritzaren inguruko mozioak
Atzoko udal osoaren bilkurak ostalaritza babesteko bi mozio onartu zituen. Lehenengoa ostalariek eurek erregistratu zuten, ostalaritzako 27 establezimenduk sinatuta. Eskatzen diote Udalari EUDELi, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari udalerrian autonomoek bizi duten egoeraren berri emateko; azken bi erakunde hauei dirulaguntzak eskatzen dizkiete eta Foru Aldundiari, Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (IBI) bertan behera uztea.
Mozio hau EAJ/PNV eta EH Bilduren aldeko bozkekin onartu zen. Azkoitia Bai abstenitu egin zen eta PSE-EE alderdiak kontra bozkatu zuen.
Alderdi sozialistak mozio alternatiboa aurkeztu zuen eta azken hau EAJ/PNV eta PSE-EEren botoekin onartu zen. EH Bildu eta Azkoitia Bai abstenitu egin ziren. Bigarren mozio horrek, besteak beste, okerren pasatzen ari diren sektore ekonomikoei elkartasuna adierazteaz gain, erakunde guztiak ezhoiko eta beharrezko neurriak hartzen jarraitzeko eskaera egiten zuen sustapen ekonomikoari eta zerga-sistemari dagokionez, neurri murriztaileek eragindako kalteak arintzeko.