Irisgarritasun plana egiteko 28.950 euro jasoko ditu Udalak. Floreagan lehenengo igogailua ipintzeko, berriz, laguntza 271.050 eurokoa izango da. Lehenengo lanketaren aurrekontu osoa 38.600 eurokoa da eta bigarren esku-hartzearena 617.992,73 eurokoa, hurrenez hurren.
“Laguntza garrantzitsua da. Badakigu irisgarritasuna behar bat eta eskubide bat dela. Ahalegina egiten jarraituko dugu Azkoitia gero eta irisgarriagoa izan dadin”, dio Javier Zubizarreta alkateak.
Hilerria eta San Jose Egoitza
Udalak alternatiben azterlana egingo du hilerriko eta San Jose Egoitzako irisgarritasuna hobetzeko. Lana esleitu du dagoeneko eta Asmatu enpresa izango da lanketaz arduratuko dena sei hilabeteko epean. Aurrekontua 17.121,5 eurokoa da.
“Floreaga auzoan – azaldu du alkateak – egin dugun bide bera da. Lehenengo azterketa bat egin behar da zeintzuk diren dauden alternatibak edo aukerak ikusteko, gero bideragarria baldin bada, diru-partida bat ipini eta aurrera egiteko. Argi dago bi tokietan garrantzitsua dela irisgarritasuna hobetzea eta horretarako lanean ari gara”.