Horretarako, establezimendu bakoitzak Altan dauden Langileen Txostena (ITA) aurkeztu beharko du eskaera egiterakoan. “Horrela, sektoreak zenbat langile dituen ere jakingo dugu”. Deialdia ahalik eta azkarren argitaratuko da, laguntza lehenbailehen jaso dezaten.
Ana Azkoitiak azaldu die, halaber, 2021ean ez zaiela terraza tasarik kobratuko. Zabor tasari dagokionez, momentuz, Udalak ez du ezohiko erabakirik hartzeko asmorik, “besteak beste, lokal hutsek ere ordaindu behar izaten dutelako zabor tasa”.
Ogasun zinegotzia gaineratu du neurri berriak hartzeko aukera edo beharra ikusiz gero, “banan-bana aztertu beharko liratekeela. Orain arteko laguntzak denentzat berdintsuak izan dira, salbuespenik ez da egin, baina aurrerantzean establezimendu bakoitzaren benetako beharrak kontutan hartu beharko genituzke. Egoera ez da berdina sektore guztientzat eta ezta, sektore barruan dauden negozio guztientzat ere”. Horretxegatik, hartuko dugu kontutan langile kopurua oraingoan, uste dugulako, laguntzak emateko modua justuagoa dela horrela”.
Hauek Udalak bideratzen dituen bigarren laguntza zuzenak lirateke. 2020an, merkatari, ostalari eta zerbitzuentzat dirulaguntza ildo bat ezarri zuen. 151 establezimendu izan ziren onuradunak, haietatik 40 ostalaritzakoak. Azken hauetatik, bakoitzak, batek ezik, 900 euroko dirulaguntza jaso zuen.
Zabor bilketa sistema
Bigarren gai bat ere izan dute hizpide, hondakin bilketa, alegia. Erabaki gabe geratu da oraingoz gaia.
Hondakinen kudeaketan eraginkortasuna areagotze aldera, ostalariei proposatu zaie banan banan jasotzea euren establezimenduetatik errefuxa eta organikoa, kaleko edukiontzietara bota ordez. Ordu eta egun jakinetan egingo litzateke bilketa. Industrian, esaterako, horrela egiten da.
Bilerak proposatutako sistemaren abantailak eta desabantailak jorratzeko balio izan du, behin betiko erabakia hartu aurretik.