Arteterapia tailerra Irantzu Iturbek zuzenduko du. “Arteterapia -dio – sorkuntzaren bitartez, osasuna sustatzen laguntzen duen diziplina da eta eragina du pertsonaren egoera emozional, mental eta fisikoan”. Norbere burua hobeto ezagutzeko eta emozioak modu natural eta osasungarrian adierazteko balio du. Saioak asteazkenetan izango dira, apirilaren 28tik ekainaren 9ra bitartean, 18:00etatik 20:00etara.
Emagin elkartearen eskutik eskainiko den autodefentsa tailerra ere berria da. Indarkeria sexistak dimentsio zabala du eta edozein eremutatik aztertu daiteke. “Emakumeok pasibotasunaren ideian hezten gara eta babes beharra dugun pertsonak garela sinesten dugu. Ideia hori hautsi eta gure buruak aitortu, egoeraz jabetu eta boteretzeko autodefentsa feminista lehenesten dugu”. Indarkeriaren dimentsio zabalenari heldu eta aurre egiteko ditugun tresnei buruzko hausnarketa egingo da saioetan. Tailerra maiatzaren 22an eta 29an emango da 9:30etik 13:30era.
Beste bi proposamenak, zoru pelbikoa indartzeko tailerra eta batukada saioak dira. Lehenengoa Josune Milanek zuzentzen du eta batukadaz Ainara Sarasketa eta Arantxa Albizu arduratzen dira. Biei emango zaie jarraipena erantzun arrakastatsua baitute partaideen aldetik.
Zoru pelbikoaren inguruko saioak apirilaren 22an hasiko dira eta maiatzaren 27an bukatu. Ostegunetan izango dira 15:15etik 16:30era.
Batukadako taldeak, berriz, lau saio egingo dituzte apiriletik ekainera, 18:00etatik 20:00etara.
Ikastaro guztiak Elkargunean izango dira, batukada ezik. Batukada Izarraitz Lanbide Heziketa zentroan ematen da.