Lan-sarea osatuta, aniztasun funtzionala duten haur eta gazteekin eta haien familiekin biltzea izango da hurrengo urratsa, dituzten premiak edo kirol egokitua praktikatzeko duten interesa ikusi eta bide emateko. Horretarako, informazio saioak antolatuko dira familiekin. Datak jarritakoan jakinaraziko dira.
Lantaldeak azaldu duenez, hau lehenengo urratsa izan da, baina ondo bidean, gehiago etorriko dira. Denek elkarlana eta indarrak batzeko gai izana azpimarratu dute.
Kirol Egokituen Federazioko Amaia Elizondok gogorarazi du “kirola eskubidea” dela eta “desgaitasuna duten haurrek eta gazteek urratuta ikusi” dutela eskubide hori. “Ez zaie aterik ireki. Hau prozesu bat da eta hasiera besterik ez da”, gehitu du. Federazioa “harro” agertu da horrelako taldea osatu delako.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kiroletako plangintza teknikari Unai Asurmendik azaldu du gipuzkoarren %10ek desgaitasun bat dutela eta ondorioz, badagoela kirol politiketan eskaintza berrantolatzeko beharra. “Ekitatea dugu jomuga. Kirol eskaintza gauzatzeko, lehenengo begirada txertatu behar da” eta hori da bilatzen dena.
Marea Urdina elkarteko Aritz Orbegozok ere eskertu du saiakera martxan jarri izana, kirola garrantzitsua delako inklusibitateari edo gizarteratzeari begira.