Akordio hau Etorkizuna Eraikizen parte den Lurralde Garapenerako Laborategiaren sostengu nagusia da. Laborategi horren bidez, Etorkizuna Eraikizek sustatzen duen gobernantza irekiaren eta lankidetzakoaren eredua lurralde osora zabaltzeko lan egiten da. Azken lau urteetan soilik, eredu hori 200 proiektu baino gehiagotan aplikatu da, 4.0 industrian edo Elkar-EKIN Lanean proiektuko gizarteratze-sareetan, besteak beste. "Akordio hau berritzeak elkarlanaren gobernantza eta Etorkizuna Eraikiz bera indartzeko aukera ematen digu, lurraldeak eta eskualdeak hurbilduz", esan du Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak.
Akordioa Etorkizuna Eraikiz Gunean egin den lan jardunaldi batean berritu da. Olanorekin batera, ekitaldian parte hartu dute baita Jabier Larrañaga Sustapen Ekonomiko, Turismo eta Landa Inguruneko foru diputatuak; Maite Peña Gizarte Politikako foru diputatuak eta Jose Ignacio Asensio Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako foru diputatuak, eta nola ez, agentzietako arduradunak.
Olanok, bere hitzaldian, Gipuzkoako Garapen Agentziek lurralde garapenaren alde egiten ari diren lana goraipatu du. Bere ustez, udalek sortutako erakunde hauek berebiziko garrantzia izan dute eskualdeen garapenerako. Hala ere, egungo munduan, "ezinbestekotzat" jo du elkarlana bultzatzea eta indarrak batzea, honela estrategia bateratuak garatzeko, "Gipuzkoa lurralde lehiakorragoa, kohesionatuagoa eta aurreratuagoa izan dadin". "Eskualdeek ekarpen handia egin behar dute etorkizuneko Gipuzkoa eraikitzeko prozesuan, Etorkizuna Eraikiz gidatzen ari den ahalegin kolektibo horretan", azpimarratu du.
200 proiektu baino gehiago
Hitzarmen hau oinarri hartuta, Etorkizuna Eraikizko Lurralde Garapenerako Laborategia izan da gobernantza irekiaren eta lankidetzaren eredua finkatu, garatu eta lurraldera hedatzeko erreminta. Lurralde eta eskualde mailen arteko lankidetzari esker, hainbat arlotan politikak sortu ahal izan dira, hala nola ekonomian eta gizarteratzean. "Foru Aldundiak eta Eskualdeko Agentziek helburu komun bat partekatzen dugu, gure lurraldearen garapena bultzatzea, eta estrategia horren oinarria lidergo partekatua eta bi aldeen autonomia aitortzea da", defendatu du foru arduradunak.
Lankidetza horren ondorioz, azken lau urteetan gobernantza irekiaren eta lankidetzakoaren eredua Aldundiak eta Garapen Agentziek gauzatutako 200 proiektu baino gehiagotara hedatu da, sustapen ekonomikoaren edo 4.0 industriaren esparruetan, besteak beste. Bloke honetan daude, halaber, Elkar-EKIN Lanean ekimenak bultzatzen dituen eskualdeko enplegagarritasun sareak. "Etorkizuna Eraikiz gero eta sendoagoa da maila guztietan, eta eskualdeetako Garapen Agentziak funtsezko aliatuak izan dira ahalegin horretan. Gaur berritu digun hitzarmenarekin, datozen lau urteetarako ere lankidetza hori ziurtatzen dugu", defendatu du.
"Bultzatzen ari garen gobernantza eredua heldutasunean eta sakontasunean irabazten ari da. Maila anitzeko gobernantza bultzatzen ari gara, hitzarmen hau sinatzen ez duten beste eragile batzuetara ere iristea lortzen baitugu", azpima
rratu du. Gaineratu duenez, lurralde mailan gobernantza espazio berriak sortzen ari dira, Eskualdeko Garapen Agentziez eta Gipuzkoako Foru Aldundiaz gain, Eusko Jaurlaritza eta eragile ekonomiko eta sozialak barne hartzen dituztenak. Gainera, eskualde mailan gobernantza espazioak hedatzen ari dira eskualdeetako eragile instituzional, ekonomiko eta sozialekin. "Zentzu horretan, maila anitzeko gobernantza maila horiekin beharrezko lotura ezartzen du hitzarmen honek", azpimarratu du.