Azokako plana osatzeak helburu bikoitza bilatzen zuen. Alde batetik, Azkoitiko Azokako egungo egoera eta espero dakiokeen geroa ezagutzea eta bestetik, etorkizunari bide oparoenetik nola heldu zehazteko norabide estrategikoa markatzea. Gauzak horrela, Ikertalde aholkularitza enpresak, Azokako eragile nagusien partaidetzarekin garatu duen lanketaren ondorioz, egungo errealitatearen diagnostikoa eta aurrera begirako ekintza plana osatu dira.
Datorren asteleheneko aurkezpen saioa, jendarte zabalari zuzenduta dago. Bertan, Azokako Plana eraikitzeko burututako lan-prozesua nolakoa izan den azalduko da lehenbizi. Horrekin batera, Azokako errealitatearen irakurketaren emaitza nagusiak erakutsi eta hemendik aurrera planteatzen den bide-orriaren nondik norakoak adieraziko dira.
Horrenbestez, ordu eta erdiko gutxi gorabeherako iraupena izango duen datorren astelehenean, arratsaldeko 15:00etan, Elkargunean burutuko den saio irekian parte-hartzeko gonbidapena egiten zaie Azkoitiko Azoka gorpuzten duten ekoizle eta herritarrei, eta orokorrean, azokarekiko eta haren etorkizunarekiko interesa duen pertsona orori.