Alkatearen esanetan, “bigarren fasearen lizitazioa ere martxan dago. Floreaga auzoko irisgarritasuna hobetzeko konpromisoa hartu genuen eta horretan ari gara. Pixkanaka, jendea paisaia berrira eta igogailua erabiltzera ohitzen joango da. Proiektu osoak dimentsio handiak hartzen ditu, bai ikuspegi ekonomikotik eta bai lan aldetik, baina lehen fase hau iritsi den modu berean, iristen joango dira hurrengoak ere. Hartutako kompromisoa betetzen ari gara”.
Pasabideak garraiatzeko eta instalatzeko beharrezkoa izan da errepidea ixtea, baina langileen arabera, arratsalderako irekitzeko moduan izango dira. Denbora gutxi behar izan dute 23 metro luzerako pasabide nagusia ipintzeko. Bigarren pasabidea oraindik jartzeko dago.
Igogailuaren beso nagusia Floreaga Ikastetxeko kaperaren sarrerara iristen da eta bestea, Aizkibel kaleko kota jakin batera heltzen da, handik espaloia eraikiko da Zuazola kalera heltzeko.
Behin pasabideak jarrita, baranda, lurra eta argiteria jarriko zaizkie beso biei.
Ekaineko udal osoaren bilkuran kreditu aldaketa onartu zen Floreagako bigarren fasearekin jarraitu ahal izateko. 810.000 euroko partida finkatu da horretarako. Lehenengo esku-hartzearen aurrekontua 584.554,63 eurokoa da.