Behin, diagnostikoa eginda, hemendik aurrerako pausoak zehaztu behar dira, eta horretarako lantaldea eratzea proposatu da bileran, besteak beste, lehentasunak finkatzeko eta erronkak aurrera eramaten saiatzeko, hainbat ekintza aktibatuta.
Azkoitia Gipuzkoako Azoken Sarean sartu da, eta hori ere lagungarria izango da, badirelako herri ezberdinek amankomunean dituzten erronkak eta aipatu sareak elkarlanerako ateak zabalduko dituelako.
Gaur aurkeztutako plana osatzeko lan prozesu sakona garatu da. Azokako eragileekin elkarrizketak egin dira, herritarren eta bezeriaren iritzia ezagutzeko inkestak, eta ekoizleekin lan saioa. Espazioak eta dinamizazioa ere aztertu dira.
Azterlanak agerian utzi ditu azokaren indarguneak eta ahudadeak edo gune kritikoak. Giltzarri estrategikoak dira tokiko produktuekiko atxikimendua, geroz eta handiagoa dena, edota herritarrek balio erantsi gisa duten ekoizleen eta bezeroen arteko harreman zuzena.
Halaber, herritarrek zerbitzu berriak nahi dituzte eta horrek egokitzen joatea eskatzen du, kontsumitzaileen nahiak kontuan hartuta.
Bestalde, jende fluxu eta salmenta bilakaera ezkorra du azokak, azpiegiturak ez dira behar luketeen bezain erakargarriak eta ekoizleen eta ohiko bezeriaren artean errelebo falta ikusten dela. Halaber, bezeriari zuzendutako informazioa ez da nahikoa, eta komunikazioa eta dinamizazioa landu beharreko esparru gisa jasotzen dira planean. Gainerako sektore eta herri-eragileekiko elkarlana ere mugatua da.
Horri guztiari aurre egiteko, eta bezeroen esperientzia hobetzeko, instalazioak berritzea, azokaren kontakizuna lantzea, zerbitzu osagarriak eskaintzeko aukera hausnartzea, ekimen bereziak antolatzea edota digitalizazioan urratsak ematea proposatzen da egindako plan integralean.
Bileran azaldu den moduan, bost ardatz finkatu dira ekintzarako: azpiegiturak, azoka komunitatea eta komunikazioa, dinamizazioa, etorkizuna - erreleboa eta lehiakortasunaren ikuspegitik- eta gobernantza. Bakoitzean erronka ezberdinak daude eta garrantzitsua izango da indarrak batzea aurrerapausuak emateko.
Azkoitiko azoka biziberritzeko plan integrala