Alderdi guztiak ordezkatuta dauden Aisialdia batzordean hartu da festak bertan behera uzteko erabakia. Albisteak, une honetan, ez du inor ezustean harrapatuko.
Ez da festarik antolatuko eta ezta festarako grina eragin dezakeen bestelako ekitaldirik ere. “Birusa hedatzen lagun dezakeen guztia saihesten ahaleginduko gara abuztuan”.
Ekainaren 16an atera zen Azkoitia eremu gorritik eta ekainaren amaieran, eremu berdean zegoen herria. Uztailean sartzea nahikoa izan da berriro eremu gorrira bueltatzeko.
“Lasaitu egin gara -gaineratu du alkateak- eta atzeraka goaz. Egoera ez da brometakoa. Denok ikusten dugu zer ari den gertatzen hemen eta beste toki guztietan. Dramatismorik ez diot nik erantsiko, baina zentzudun jokatzen jarraitu beharra daukagu. Eszenatoki honetan festek ez dute inolako tokirik”.
Nekea eta asperdura nabarmenak dira, are eta gehiago opor garaian, baina oraindik “erantzunkizunari dei egin beharrean aurkitzen gara. Ea San Andresak beste era batera bizitzeko aukera izaten dugun”.