Iaz Udazblai udalekuak bertan behera geratu ziren Covid-19aren eragina tarteko eta Gazteria Zerbitzuak egitarau alternatiboa antolatu zuen haurrek hainbat ekimenetan parte har zezaten. Aurten udalekuak antolatzeko modua izan da eta segurtasun neurri guztiak hartuta eraman da ekimena aurrera.
“Uztaila Jolasean” programan 3 eta 9 urte arteko 154 haurrek hartu dute parte, 22 hezitzailerekin batera. Bizi dugun egoera dela-eta, ezin izan dute San Ferminetako entzierroa edota aurreko urteetan Gamarrara edo Landako urtegira egin ohi dituzten irteerak egin.
“Praka Motxakin” egitasmoa, 10 eta 12 urte bitartekoei zuzentzen zaie eta antolatu diren bi txandetan 40 eta 25 haurrek hartu dute parte, hurrenez hurren. Lehenengo txandan lau hezitzaile izan zituzten eta bigarrengoan, hiru.
“Artxabentura”n 12 eta 16 urte bitarteko 50 nerabek hartu dute parte. Bi txanda antolatu dira eta hiru eta lau hezitzaile izan dituzte bidelagun, hurrenez hurren.
Udazkeneko jarduerak
Gazteria Zerbitzuak jarduera eta ikastaro zerrenda zabala antolatu du udazkenerako. Teknologia berrien aldeko apustuari eutsiko zaio robotika eta programazio tailerrekin, sare sozialen erabilera zuzenari buruzko saioak ere izango dira eta eskulanekin, brikolajearekin eta arropen birziklapenarekin lotutako tailerrak ere bai. Argazkilaritzan edo bideo edizioan sakontzeko parada ere eskainiko da. Jorratuko diren gaien artean daude, halaber, praktika onak kirolean, maskulinitatea edo autodefentsa.