Gaur egungo arazoak konplexuegiak dira erakundeek bakarrik aurre egin ahal izateko. Erronkei ahalik eta irteerarik hoberena emateko, ezinbestekoa da elkarlana, lankidetzazko gobernantza, eta horixe da parte-hartze prozesu honen oinarri nagusia.
Aurtengo parte-hartze prozesua Aztiker Soziologia Ikerguneak diseinatu du, eta azaro amaiera arte luzatuko da. Prozesuak lau lan-fase zabal ditu. Lehendabizikoa Herri Planaren zirriborroa sortzea da; bigarrena, Herri Plana kontrastatu eta osatzea; hirugarrena, Herri Plana balioztatzea, eta laugarrena, itzulketa eta aurkezpena.
Lehen fasean udal ordezkariek eta udaleko teknikari eta langileek hartu dute parte, eta orain, bigarren faseari ekingo zaio ekainaren 7ko herri batzarrarekin. Halaber, elkarrizketak egingo dira eta galdetegi bat zabalduko da.
Ausazko taldea, metodologia berritzailea. Herri Kontseilua
Aurten garatuko den prozesuan metodologia berritzailea erabiliko da. Ausaz hautatutako taldea osatuko da. Herri Kontseilua izango da, eta kontseilu horren egitekoa izango da Herri Plana baliozkotzea. Errolda bidez, adina, generoa, ikasketak, jatorria eta beste hainbat adierazle kontuan hartuta, profil ezberdinetako herritarrei dei egingo zaie Herri Kontseiluko kide izateko. Noski, parte-hartzea borondatezkoa izango da.
Gipuzkoako Foru Aldundiak, Etorkizuna Eraikizen baitan, Herri Kontseiluak sortzeko web gida egiteko asmoa du hiru herritako esperientziak oinarri hartuta. Azkoitikoa izango da horietako bat, Errenteriakoarekin eta Tolosakoarekin batera.
Udala prozesuaren inguruko informazioa argitaratzen joango da ondorengo loturan: https://azkoitia.eus/gobernu-irekia/herrilab-700-urte/2022 Bertan herritarrek eskura izango dute deialdien inguruko informazioa eta sortzen joaten den dokumentazioa ere.
Ingurumen Mahaiaren sorrera
Herri Plana egiteko abian jarritako prozesuaz gain, iazko Diagnostikoan jasota dagoen eskaera bati erantzutekoa asmoz, Udalak bigarren prozesu bat ere jarriko du martxan aurten. Ingurumen Mahaia sortzea da helburua. Prozesuan erabakiko da Ingurumen Mahaian nortzuk egongo diren, zeintzuk izango diren mahaiaren funtzioak eta konpromisoak, aurrera begira nola dinamizatuko den e.a. Alegia, Ingurumen Mahaiaren oinarriak definituko dira.