Elena Aierbek etxekoei eta lagunei eskaini die saria eta Bizenta Mogel ekarri du gogora. “Orain dela 218 urte, -azaldu du- 22 urteko gaztea zen, eta liburuaren hitzaurrean ia barkazioa eskatzen du hainbeste ezagutza erakusteagatik”. Hiru ausardia zituen “batetik, idaztea, bestetik, bere izenez sinatzea, eta azkenik, euskaraz egitea. Horregatik, ohore handia da sari hau jasotzea”.
Lander Albizuri Sudupe “hazi eta hezi den hizkuntzan” idaztearen aldeko hautuaz mintzatu da. Kanpoko literatura eta atzerrikoa ezagutu behar direla esan du, baina euskal literatura ez ezagutzea “gure errealitateari bizkar ematea” litzatekeela. “Kontsumitzaileak jakin behar du bere hizkuntzan erein eta hazitako produktu on bat daukala aurrean, gustura irakurriko duen istorioa bertan duela, bi pausotara”.
Iñaki Sanz Azkuek, hirugarren saridunak, azaldu du, etxean, familian, gertaturiko berri txar batekin lotura estua duela bere ipuinak. Natura da bere lanaren gai zentrala, natura, eta “gizarte urbanoaren haustura”.
Emakumearen zapalketa eta maitemina, gerra eta errugabeen heriotza, mundu modernoaren iluntasuna… modu batera edo bestera, sufrimendua eta tragedia dira nagusi ipuinetan. Gai sozialen aldeko hautua egin dute idazleek.
“Esperientziak -esan du Javier Zubizarreta alkateak- bizipenak, nahi ditugu guztiok. Eta literatura, zerbait izatekotan, bizipen iturri da. Mundua inspirazio iturri den bezala. Tamalez, mundua egun hauetan erakusten ari zaigun irudiek eta gizon-emakumeen istorioek, orriak eta orriak betetzeko ematen dute. Literaturak sufrimendutik gehiago zurrupatzen du beti zoriontasunetik baino”. Alkateak ipuinei eskainitako pasioa eta denbora eskertu dizkie egileei, eta idazten jarraitzera animatu ditu, “idazleen sormenetik guztiok edan dezakegulako”. Izan ere, 40 urte hauetan asko izan dira lehiaketara aurkeztutako ipuinak.
Egileen sormena eta euskarazko literatura saritu dira gaur, Bizenta Mogel euskaraz idatzi zuen lehen emakumea oroitzearekin batera. “Euskara, berdintasunaren aldarria, literatura. Hori guztia da Bizenta Mogel”, esan du Javier Zubizarreta alkateak. “240 urte pasa dira Bizenta Mogel jaio zenetik eta oraindik ez dugu guztiz lortu emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna. Horretarako, zenbat poema eta ipuin falta dira idazteko, edo idatzi gabeko zenbat geratuko dira bidean? Jostorratza edo luma, horra hor betiko dilema”.
Hain justu, Bizenta Mogelen figura eta hark egindako ekarpena ez ahazteko sortu zuen Azkoitiko Kultur Elkarteak Bizenta Mogel Ipuin Lehiaketa. Gaur egun, elkarteak eta Udalak elkarlanean antolatzen dute.
Saritutako ipuinak:
“Atxumarrikoak”. Elena Aierbe Segurola. Lehenengo saria
“Argazkilari baten memoriak" Lander Albizuri Sudupe. Bigarren saria.
“Bizimina”. Iñaki sanz Azkue. Hirugarren saria