Javier Zubizarreta alkatearen eskutik jaso du saria Marijoxe Azurtzak. Alkateak hiru irabazleak eta parte-hartzaile guztiak zoriondu ditu. “Zorretan gaude Bizenta Mogelekin. Ez euskal literaturaren historian toki bat eman diolako gure herriari bakarrik. Baita urtero idazle eta irakurleok biltzeko aukera ematen digulako ere euskararen, literaturaren eta emakume idazleen izenean”, esan du.
Epaimahaikideko Mikel Suduperen esanetan "euskara landu eta aberatsa aurkitu" dute "ipuin txukun, mamitsu eta zoragarrietan". Aitortu du zaila suertatu zaiela hiru lan aukeratzea. "Laranja koloreko gela ipuinak nerabe baten istorioa kontatzen du eta "horrelako jendea nola baldintza daitekeen etxeko heziketa azpimarratuz". Memoria gorria ipuinak, berriz, minbizia diagnostikatu eta bi hilabeteko bizia eman dien emakume baten sentimenduak jasotzen ditu "samurtasun handiz". Saritutako hirugarren lanak "emakume batek hildako senarrari idazten dion gutuna" jasotzen du".
Aurtengo edizioan 20 lan aurkeztu dira guztira eta aurtengo lehiaketako irabazleak saritzeaz gain, 2007 eta 2014 bitartean saritutako ipuinak biltzen dituen liburua ere aurkeztu da. Izan ere, Udalak bi urtez behin aurreko urteetan saridun suertatutako lanak argitaratzea erabaki zuen eta azken ale hau labetik atera berria da. Liburua eskuragarri dago Udaletxeko kultura sailean nahi duen ororentzat.
Ekitaldia girotzen lagundu dute Bizkargi Musika Eskolako Mikel Urdangarin, Josemari Larrañaga eta Nora Uria biolinistek. Hirukoteari esker ederki gozatu dute bertaratu direnek biolin doinuekin.
Hementxe dituzue saritutako ipuinak:
1.saria: "Laranja koloreko gela". Marijoxe Azurtza
2.saria: "Memoria gorria". Karmele Mitxelena
3. saria: "Suari". Iraitz Legarra