Ekainean lehenengo lizitazio prozesua hutsik geratu eta bigarrenez martxan jarri ondoren, Udalak esleitu ditu Floreaga auzoko irisgarritasuna hobetzeko bigarren faseko lanak, eta beraz, gero eta gertuago dago proiektuaren exekuzioa.
Javier Zubizarreta alkatearen hitzetan, "lizitazioa bigarrengoz atera behar izateak sei hilabeteko atzerapena ekarri digu. Saiatuko gara obren hasiera bizkortzen, eta edonola ere, aste gutxiren barruan, obrak martxan izango dira. Oraingo lizitaziora bi eskaintza aurkeztu dira behintzat. Prezioen gorakadak aurrekontuak eguneratzera behartu gaitu, eta proiektuaren arabera, igoerak esanguratsuak dira. Floreagaren kasuan, gure konpromisoa sendoa izan da, izaten jarraitzen du, eta izango da. Aurrera jarraituko dugu geratzen diren faseak gauzatu arte".
Txalo etxeak "Kottauak" antzezlana taularatuko du larunbatean, urtarrilaren 21ean, Baztartxo Antzokian. Emanaldia 19:00etan izango da eta sarrerak aurrez eskuragarri daude www.azkoitia.eus/agenda atarian.
Ane Gabarain eta Mikel Laskurain aktore ezagunak izango dira eszenatoki gainean, "emakume eta gizon bat, bederatzi urteko bikote harremanean, eta hamalau hilabeteko sexu-lehortean". Konponbidea bilatu nahian gabezia horri, "ikuslearekin hartu-emanean jardungo dute", komedia giroan.
Urtarrilaren 26an, Zurrunka Teatro antzerki taldearen eskutik, Itzat Titere Laborategia eskainiko da Aizkibel Liburutegian. Tailerrak ordu t'erdiko iraupena du eta bat 17:15etik 18:45era izango da, eta bestea, 19:00etatik 20:30era.
Itzal titere antzerkia haurren sormena eta irudimena lantzeko ezin aproposagoa den aspaldiko teknika da. Tailer horretan haurrek euren titereak sortzeaz gain, ohial txuriaren atzean beraien istorioak asmatu eta itzalekin jolasteko aukera paregabea izango dute.
Ikusgai dago udalaren webgunean herriko ondare historikoa digitalizatuta, alegia, Iraurgi Berritzenek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak iaz elkarlanean garatu zuten ignaziotarlurraldea360 proiektua.
Turismo eta Ondare zinegotzi Juan Bautista Mendizabalen, nork aktiboki hartu zuen parte proiektuan, "pixkanaka gero eta interesgune gehiago daude digitalizatuta, eta hori giltzarrietako bat da zabalkunde eta promozio turistikorako. Aurrerapen teknologikoak aukera berriak eskaintzen dizkigu eta aprobetxatu beharrean gaude". Datorren astean hasiko da Fitur nazioarteko turismo azoka, "eta ekimenarekin bat eginez, proiektuari zabalkundea eman nahi izan diogu, udalaren webgunean sarbidea txertatuta, promoziorako aparteko tresna baita".
Udalak, Gizarte Zerbitzuen sailaren ekimenez, aste honetan 2023ko guardiako farmazien egutegia banatuko du etxeetan, herritarrek informazioa eskuragarri izan dezaten.
"Hau -adierazi du Janire Igoa zinegotziak- informazio liburuxka etxe guztietan banatuko dugun hirugarren urtea da. Normalean, adinekoak izaten dira farmaziara gehien joaten direnak, eta guztiak ez dira teknologia berrien erabiltzaileak. Gaur egun, dena bilatzen dugu Interneten, baina kontuan izan behar dugu mundu guztiak ez duela sarerako sarbiderik hainbat arrazoirengatik. Horregatik, informazioa erabilgarria delakoan, pertsona guztiengana iristeko modua egin nahi dugu".
Gabonen atarian berreskuratu zuen Udalak plazako karilloi erlojua, urteetan mutu egon ostean. Azken egun hauetan gabon kantak entzun dira egunean bitan, eta ideiak herritarren artean izan duen arrakasta ikusita, karilloia ez isilaraztea erabaki du Udalak.
Hemendik aurrera bi melodia entzungo dira. Eguerdiko 12:00etan, Din Don abestiarena, eta 20:00etan, Lau Teilatu kantu ezagunaren doinuek hartuko dute Herriko plaza.
Ilusioz beteta hartu dituzte umeek hiru Errege Magoak, Meltxor, Gaspar eta Baltasar. Santa Klaratik atera eta zaldi gainean, dotore, zeharkatu dituzte herriko hainbat kale, eta udaletxeko balkoira ere igo dira haurrak agurtzeko. Zoriontasuna eta urduritasuna nagusi, haurren aurpegietan. Gaur goiz oheratzea tokatzen da. Oinetakoak garbitu, erregeek tripa bete dezaten zerbait prestatu, eta lotara! Gau luzea eta lantsua du hirukoteak.
Artxamendi Topalekuak urte sasoi honetan antolatu ohi duen Gazte Astearen baitan, patata tortilla lehiaketa egin da gaur goizean Kontzejupean, eta zein baino zein hobeto aritu dira. Zartaginarekin ondo moldatzen direla erakutsi dute gaztetxoek. 23 taldek hartu dute parte, eta lehenengo saria Ane Illarramendik, Ania Alberdik eta Eider Barrenak jaso dute.
Udal ordezkariek osatutako epaimahaiak 23 patata tortilla dastatu ditu eta erabakia hartzea ez zaie erraza suertatu. Edonola ere, gozatu gozatu dute, bai lehiakideek, bai epaimahaiko kideek, udal ordezkariek, hain zuzen.