Ostiraleko Elosuko perira joateko autobus zerbitzua egongo da. 09:00etatik 20:00ak arte bi autobus txiki ibiliko dira joan etorrian. Autobusak Julio Urkijo kaleko geltokitik (Eroski txikiaren aurretik) aterako dira.


Udaleko Euskara Zerbitzuek ‘Irakurriz Gozatu' egitasmoa martxan jarriko dute aurtengo ikasturtean ere. Hala, aste honetan  Gaztezulo hilabetekaria dohan batuko da Floreaga eta Xabier Munibe eskoletan. Zehazki DBH-ko 4. mailako ikasleei banatuko zaie aldizkari hori, sei hilabetez. ‘Irakurriz gozatu'-ren helburua gazteen artean irakurzaletasuna sustatzea da, euskaraz irakurtzeko ohitura bultzatu eta euskal prentsa gazteei ezagutaraztea. Horretarako gazteentzat pentsatutako Gaztezulo aldizkaria erabiltzen da eta, bide batez, aldizkari horren hedapenean ere laguntzen du. Ikastetxeek, Donostiako Komunikabideak E.M-k eta Udalak elkarlanean bideratzen dute proiektua.

 

Urola Erdiko udalerriak (Azkoitia, Azpeitia, Zestoa, Aizarnazabal, Beizama eta Errezil) abian jarritako enplegu planak pausoak ematen darraio. Horrela, plana gauzatzeko zerbitzuaren esleipena egin da dagoeneko eta Loiola Berrikuntza Fundazioari esleitzea erabaki da. Fundazioak eskualdeko ekonomiaren eta arazoen gaineko ezagutza sakona du, eta azken urteetan, berrikuntza eta ekonomia sare estrategikoa indartzearen aldeko lana egin du. Hau guztia, kontutan hartu da erabakia hartzeko orduan. Instituzioen ustez, "Fundazioa plana egokitasunez egiteko garantia ezin hobea da, eta konfiantza osoa dute bertako lan gaitasunean".

 

Jatorri ezberdinen azkoitiarren arteko harremanak sendotzeko bidean ekimen ugari antolatu ditu udazkenerako Zubiak Errotzen programak. Batetik euskara ikastaroak antolatu dituzte, eta bestetik mahai inguruak, kultur arteko topaketak. Euskara ikastaroetan lan mundura bideratuko berezi bat egingo dute aurtengoan.

 

2012-2013 denboraldiko helduentzat opor programa abian jarri du IMSERSOk eta eskaerak urriak 9 bitartean egin daitezke. Iazko denboraldian izena eman zutenek, ez dute berriz eskaera orria bete beharrik, Imsersok datuak badituelako. Gainontzekoek, internet bidez egin behar dituzte eskaerak, https://sede.imserso.gob.es helbidean. Internet bidez egin behar den arren, laguntza behar duten herritarrek udaletxera jo dezakete. Harrera bulegoan lagunduko diete.

Larunbatean hasiko da XIII. Organo Erromantikoaren Zikloa eta hortik aurrera urriko astebukaera guztietan izango da kontzertuez gozatzeko aukera Azkoitian,  Azpeitian, eta Bergaran. Gaur, osteguna, aurkeztu dute zikloa eta antolatzaileen esanetan,"maila ezin hobea" izango du: "Nazioartean garrantzia handia duen zikloa da, eta ikusle zein entzule kopurua goraka doa. Aurten, bizi dugun egoera ekonomikoa dela-eta, ahalik eta gutxien gastatzen saiatu gara, baina, era berean, ahalik eta emaitza artistiko onenak izatea dugu helburu". Aurtengoan aldaketa egon da kontzertuen ordutegian: 20:00etan izango dira emanaldi guztiak.

 

Ingurumenaren aldeko ohiturak sustatzen jarraitzen du Ingurumen Hamabostaldiak. Haur eta heldu asko dira parte hartzen iragan astetik antolatzen ari diren ekintzetan parte hartzen ari direnak, eta datozenetan ere hala izatea espero da. Atzo, esaterako, Ontziratu zaitez! kanpainaren barruan tupperrak banatu zituzten plazan, eta herritar ugarik jaso zuen ontzia, arrandegi eta harategietan erabiltzeko. Bihar (osteguna) arratsaldean 16:00eatik 19:00etara berriz banatuko dituzte. Asteburuko bizikleta martxan ere jende ugari izan zen, eta baita ludotekan egindako gainerako ekintzatan ere. Gaur, Alvaro Idarraga Instituto Mayor Campesinoko eta Itziar Arkonada ENHEko kideak hitzaldia emango dute, 19:00etan, Elkargunean.
Al Ar Az Og Or Lr Ig
1
2
3
4
5
6
7
8
9
10
11
12
13
14
15
16
17
18
19
20
21
22
23
24
25
26
27
28
29
30
© 2019 Azkoitiko Udala. Lege oharra