Aizkibel Liburutegiak Idazketa Tailerrak antolatu ditu umeentzat. "Asmatu dezagun ipuin bat" goiburupean, Miruren eskutik, saioak ostiralean, otsailaren 3an izango dira. Tailerrak euskaraz eskainiko dira eta bi txanda egingo dira. Lehenengo saioa 17:30etik 18:30era izango da, eta bigarrena, 18:45etik 19:45era.
Diego Garciaren omenezko 30. AzkotiAzpeitia nazio arteko maratoi erdiaren irudia aurkeztu dute gaur Donostian, Foru Aldundiko Jauregian. Bertan izan da, Kultura eta Kiroletako diputatu Maria Jose Telleriarekin eta gainerako babesleekin batera, Kirol zinegotzi Angel Martin babesa emateko antolatzaileei, boluntarioei eta partaide guztiei. Aurten, kirola eta festa uztartzen dituen hitzordua martxoaren 25ean izango da.
"Lore-arbolak duena, lurperatuta daukanetik bizi da. Garena, oinordean hartu duguna, eta eraiki ahal izan duguna gara, historiaren eragileak garelako". María Rosa Ayerbe Euskal Herriko Erdi Aroko Dokumentu Iturriak bildumaren zuzendariaren hitzak dira. Bildumaren zati dira Azkoitiko udal artxiboko iturrien azken bi liburukiak, eta atzo aurkeztu ziren Elkargunean, jende ugariren aurrean.
Emakumeak Ahalduntzeko Ikastaroak bueltan dira, eta abian da urtarriletik ekainera bitartean gauzatuko den ikastaro sorta.
Berdintasun zinegotzi Mertxe Zubillagak ikastaroetaz egiten duen balorazioa positiboa da. “Egia esan, hainbat ikastarotan taldeak osatuta daude eta jarraitu egiten dute oso gustura daudelako egitasmoarekin. Berdintasunaren inguruko kontzientzia eta sentsibilizazioa lantzearekin batera, aisialdiaz gozatzeko aukera ematen dute saioek, eta nola ez, emakumeok geure artean gure esperientziak eta bizipenak partekatzeko espazioa eskaintzen dute. Emakumeon eta emakumeontzat sortutako topaguneak dira”.
Europar Batasunaren NextGenerationEU funtsak finantzatutako Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan, Udalak, Lanbidek diruz lagunduta, Kudeaketa Energetikoaren eta Aldaketa Klimatikoaren gaineko teknikaria kontratatuko du.
Hautaketa prozesua abian da. Izena emateko epea urtarrilaren 25era luzatuko da.
Kontratuen iraupenari dagokionez, hamabi hilabetekoa izango da eta lanaldi osorako.
Pultsadore edo sakagailuarekin ibiltzen diren kaleko iturriak itxi egingo dira denboraldi batean Gipuzkoako Urakek azaldu duenez, egun hauetako izozteek hondatu ez ditzaten. Izan ere, iturrien mekanismoak funtzionatzeari uzten dio eta matxuratu egiten da barruan daraman malgukia izozten bada.
Neurri honek ez du eraginik sakagailurik ez duten iturrietan. Normal jarraituko dute, esaterako, Herriko plazako iturriak edota Barriketakoak.
Bizikleta garbigunea ere itxita
Bizikleta garbigunea ere itxita egongo da gainerako iturrien moduan. Izan ere, garbiguneko hoditeriak ere izotzaren ondorioz hondatu daitezke, eta beraz, egoera hobetu arte ez da erabilgarri egongo.
Udalak urtarrilaren 24an aurkeztuko ditu Azkoitiko udal artxiboko Erdi Aroko Iturri Dokumentalen azken bi liburukiak. Hitzordua 19:00etan izango da Elkargunean.
2024ko Hiri Gutunaren 700. urteurrena dela eta, Udalak "ahalegin garrantzitsua egin du 1234 urtetik 1535 urtera arteko Udaleko Funtsak eta 1555 urtera arteko udaleko kontuak digitalizatzeko, zaharberritzeko, transkribatzeko eta argitaratzeko", adierazi du Ondare zinegotzi Juan Bautista Mendizabalek.
Labetik atera berri diren iburuek 1993an argitaratu zen lehen liburukia osatzen dute, "Documentación Medieval del Archivo Municipal de Azkoitia (m.s. XIII-1500)". Azkoitiko herriak Gipuzkoako historian izan duen protagonismoa berresten du bildumak.
Eguraldiaren eraginez, Martirieta auzoan, Irisarri baserri inguruan, luizia gertatu da. Baserrirako sarbidea itxita dago, baina Martirietako errepidea zabalik mantentzen da.
Lur-jausiak baserrira eramaten duen bidea itxita utzi du. Bertara joan dira Udaltzaingoa eta obra eta zerbitzuetako burua, eta orain egitekoa lehenbailehen errepidea garbitzea izango da.
Euriteak eta haizeak kalteak eragiteko arriskua areagotu du bazterretan, eta har daitezkeen neurriak hartzea gomendatzen da.