2013rako zerga eta tasak onartu zituen Azkoitiko Udalbatzak atzoko plenoan. Urrategi Alberdi eta Esther Lizarralde udal gobernuko kideek azaldu dutenez, datorren urteko zergak eta tasak prestatzerakoan helburu eta printzipio argi batzuk izan dituzte kontuan: " Garai zailak bizi ditugu eta lehentasunak ezartzea ezinbestekoa da. Eta guk argi daukagu: gutxien dutenen herritarren eskubideak bermatzea da lehentasuna. Eta horretarako oinarrizko honako printzipioa lehenetsiko dugu: gutxien duenak gutxiago ordaindu behar du, eta gehien duenak gehiago". Hori lortzeko ekitatea, progresibitatea eta birbanaketan oinarritu dira, eta honako neurriak hartuko dituzte:

 

Banaiz Bagara elkarteak antolatuta, eta Zubiak errotzen programaren barruan, kultur topaketak egingo dira bihar (larunbata) Elkargunean. 'Lan mundua-lana munduan' izenburupean, mahai ingurua egingo da, Emun Lan Mundua Euskalduntzeko Kooperatibaren laguntzarekin, eta jatorri ezberdinetako herritarrek hartuko dute parte bertan. Mahai ingurua 11:00etan izango da. Atzerriko herrialdeetan zein baliabide dituzten ezagutuko dituzte, besteak beste, eta Euskal Herrira etortzen diren langileek bertako funtzionamendura egokitzerakoan sortzen zaizkien galderak aztertuko dituzte.

 

Ehun azkoitiar baino gehiagok hartu dute parte Danon Herrixe partaidetza prozesuaren lehen fasean. Astelehenean eta atzo (asteartea) egin ziren azken bi bilerak, eta 30 bat lagun izan ziren  San Martin, Altzibar, Ipintza eta Floreaga auzoetako bizilagunekin egindako bileran, eta beste horrenbeste batu ziren atzo (asteartea) arlo ezberdinetako elkarteekin egindakoan. Espaloien, ume parkeen eta berde gune batzuren egoera kaskarra nabarmendu zituzten, batez ere, auzoetako biztanleek, eta zenbait lan auzolanean egiteko prest ere agertu ziren. Arlo ezberdinetako elkarteek, berriz, kultura, euskara, kirola, ingurumena eta gizarte zerbitzuen alorretan herria nola dagoen aztertu zuten.

 

Azkoitian kontsumo taldea osatzeko lanean ari da hainbat lagun, BasHerri taldearen eskutik eta EHNE sindikatuaren laguntzarekin. Gaur  Elkargunean aurkeztuko dute kontsumo taldea, 18:30ean, eta bertan parte hartuko duten herritarren zerrenda osatzeaz gain, horren funtzionamenduaren nondik norakoak azalduko dituzte. Ekimenean parte hartzen dutenek astean behin «garaian garaiko» barazkiz osatutako otarra jasoko dute, ekoizlearen eskutik eta bitartekarik gabe.

Bularreko minbiziaren goiz detekzioari buruzko hitzaldia izango da bihar (asteartea) Elkargunean. Udaleko Gizarte Zerbitzuek antolatuta,  KATXALINek (Bularreko eta Ginekologiako Minbizia duten Emakumeen Elkarteak) emango du hitzaldia, zehazki Arrate Plazarola medikuak (Donostiako Onkologikoko Institutukoa). Hitzaldia 16:00etan izango da, Elkargunean, eta 50-59 urte arteko emakumeei zuzenduta dago.

Iragan ostegunean (hilak 18) bildu zen bigarrenez Urola Erdiko enplegu plana gauzatzeko foro sozio-ekonomikoa. Bilera Azpeitian, udaletxean, izan zen eta bertan eskualdeko eragileak planaren inguruko ekarpenak egin zituzten. Horrela, ikuspuntu diferenteak gehitzea lortu da diagnostikoan: emakumearena, nekazaritza, merkataritza, industria, hezkuntza, ezinduena.... Diagnostiko hau azaroak 5erako aurkeztuko da, eta foroan ondoren abiatuko diren ekintzen lerroak ere zehaztu ziren. Ondorengo asteotan proiektu konkretuak aurkezteko epeak irekiko dira. Azkenik, foroari eusteko eta iraunkortasuna mantentzeko aldeko iritzia egin zuten eragileek.

 

Al Ar Az Og Or Lr Ig
1
2
3
4
5
6
7
8
9
10
11
12
13
14
15
16
17
18
19
20
21
22
23
24
25
26
27
28
29
30
© 2019 Azkoitiko Udala. Lege oharra