Bikote Gazteen Dantza Suelto Txapelketak baditu saridunak. Lezo-Pasai Donibanetik etorri den Ihintza Erauskin eta Danel Castillo bikoteak irabazi du lehenengo saria. Alaitz eta Aner Elorza azpeitiarrek bigarren saria etxeratu dute, eta Izaro Arandia eta Hegoa Aizpuru azpeitiarrek eraman dute hirugarrena. Ikuskizun aparta eskaini dute dantzariek. Zorionak!
Urtez urte, asko dira Inazio Iriarte Margo Lehiaketan parte hartzera Azkoitira gerturatzen diren kanpotarrak, baita bertakoak ere. Aurtengoa Azkoitiko Kultura Elkarteak antolatzen duen 40. edizioa izan da, eta arrakastatsua suertatu da. EAEtik, estatutik eta Frantziatik etorritako 23 lagunek hartu dute parte. Lehenengo saria Caceresera joan da, Federico Plasenciaren eskutik, aurkeztu duen margolana "modernoa delako, bere enkoadraketagatik eta argi-jokoarengatik". Bigarrena, Jose Miguel Arranz erandiotarrak irabazi du, eta hirugarren saria Azkoitian geratu da, Iñigo Bordak eskuratu baitu. 1.200, 900 eta 450 euroko dirusariak jaso dituzte, hurrenez hurren.
Jubilatuen anai-arreba arteko bazkaria egin dute gaur Elkargunean, urteroko hitzorduari eutsiz. Udalak lagunduta, Plaza Ondo Jubilatuen Elkarteak antolatzen du gaurko eguna, eta bazkaltzeko 200 lagun elkartu dira gaurkoan. Estrainekoz Azkoitian izan da bazkaria, herritik atera beharrik izan ez zezaten omenduek eta familiek.
Ana Azkoitia alkatea izan da bertan, aurten 90 urte bete dituztenak edo betetzear dituztenak zoriontzeko, eta Udalaren babesa erakusteko. Horrela esan die: “Bizitza bera, ederra bezain zaila baita. Eta hori nahikoa azkar ikasten da gehienetan. Horregatik duzue merezita omenaldi hau. Bizitzak berak askotan jartzen gaituelako proban. Eta zuek hemen zaudete. Familiaz inguratuta. Gorabehera eta zailtasun guztien gainetik, hemen zaudete. Bizitzari kantatuz. Bizitza oso bateko eskarmentua eta jakituria dituzue. Bizitza oso bateko malkoak eta irriak. Bizitza oso bateko hitzak. Bizitza oso bateko maitasuna. Hori asko da. Asko da bizitakoa. Asko da gaur eta hemen ospatzeko duzuena, eta duguna”. Bizitzari heltzeko eskatu die alkateak omenaldia jaso duten gizon eta emakumeei.
Andramaixetako laugarren eguna da gaurkoa, eta oraingoz, dotore doaz herriko festak. Giro onean igaro dute gaurko goiza herritarrek. Gipuzkoako 12. Blonda Txapelketa ospatu da Plazaberrin, eta 40. Inazio Iriarte Margo Lehiaketako partaideak herriko txokoetan sakabanatu dira irudirik ederrena margotzeko asmoz. Trikitilariak eta dultzaineroak, eta erraldoiak eta buruhandiak kalez kale ibili dira, Herriko plaza herri kirolek hartu duten bitartean. Goiz bete-betea izan da irudietan ikus daitekeen moduan.
Sahatsak eta herritarrek dantza saioa eskaini dute Herriko plazan, udal ordezkariek aurreskua egin ostean. Dotore doa San Roke goiza. Irudiak horren lekuko.
Usadiori jarraituz, udal ordezkariek aurreskua eskaini diote Azkoitiko herriari.
San Roke eguna. Udal ordezkariak korporazioan joan dira elizara, herriari eskainiko dioten aurreskua dantzatu aurretik. Ikusi argazkiak.
Andramaixetako XI. Laburmetrai Lehiaketa ospatu zen bart eta epaimahaiaren eta publikoaren sariak eman ziren ezagutzera. Epaimahaiaren saria “Bolie Hazten_Perretxikue” filmak jaso du, Samiñoko Bidoie Produktions taldeak, hain zuzen, “gaia lantzeko moduagatik”. Publikoaren saria, berriz, Hautz lokalak aurkeztutako “Ofizinie” filmak eskuratu du.
Guztira sei filma aurkeztu dira aurtengo lehiaketara eta gaia “Maxixatzen” izan da.