Herritarrek gozatu dute San Roke bezperaz. Udal ordezkariak korporazioan joan dira mezatara, eta jarraian, Musika Bandak eta Txalkor Txistulari Taldeak kontzertua eskaini dute Kontzejupean. Buruhandiak eta erraldoiak ere kalez kale ibili dira. Ikusi irudietan.
Usadioak agindu bezala, Herriko Musika Bandak eta Txalkor Txistulari elkarteak "Alkate soinua" eskaini diote Ana Azkoitia alkateari bere etxe aurrean, San Roke bezperan. Endika Larrañaga senarrak eta biek egin diete harrera musikariei. Musika Bandaren zuzendaria den Carlos Muñozek lore-sorta eman ohi dio alkatearen bikoteari gaurko egunez, eta halaxe egin du gaur ere.
Usadioari jarraituz, Andramari bezperan Ignacio Busca Sagastizabalen Salbea eta Aita Nemesio Otañoren Ave Maria abestu dituzte Parrokian herritarrek. Andramaixetako hitzordu kuttunenetakoa eta hunkigarriena da askorentzat gaur arratsaldekoa. Udal ordezkariak korporazioan egin dute elizatik joan-etorria. Juan Bautista Mendizabalek eraman du Azkoitiko bandera. Ondoren, 75. urteurrena oroitzeko, danborrada egin dute Herriko plazan, eta handik Plazaberritik barrena, Balda plazara iritsi dira danbor eta barril joleak. Ukitu berezia eman die danborradak aurtengo festei. Dotore hasi dira aurtengo gure Andramaixek! Ikusi iruditan arratsaldeak eman duena.
Lehertu da festa Azkoitian. Aurtengo Andramari jaiei hasiera eman dien txupinazoarekin batera, alaitasunez bete dira kaleak, eta ez da atsedenerako tarte handirik izango datozen egunetan. Jendeak gogotsu hartu ditu herriko festak.
Erlojuak 12:00ak jo baino minutu batzuk lehenago, danborradarekin lotura estua duten hainbat lagun bildu da udaletxean. Besteak beste, danborradaren atzean dauden gizon eta emakume guztien izenean, txupinazoa bota duten Justino Sasieta "Mateo", Ana Etxaniz “Olaberri”, eta Xanti Artetxe “Etxesa”. Ana Azkoitia alkateak egin die harrera, gainerako udal ordezkariak bidelagun dituela, eta esker oneko hitzak eskaini dizkie urte guzti hauetan danborrada ahalbidetu duten guztiei. Jada gure artean ez daudenak ere ekarri ditu gogora alkateak.
Floreagako irisgarritasuna hobetzeko bigarren faseko lanak amaituta, auzoko bizilagunek estreinatu dezakete gaur goizetik martxan dagoen igogailu berria.
"Bigarren igogailu honekin, auzoaren irisgarritasun-arazoaren zati handi bat konpondu dugu, eta hurrengo faseei jarraipena ematen saiatuko gara, goikaldean bizi diren auzotarrek ere ahalik eta erraztasun eta erosotasun handienarekin mugitzeko aukera izan dezaten", adierazi du Ana Azkoitia alkateak.
Udalak Andramari jaietako zapi urdinak banatuko ditu abuztuaren 14an, oraindik esku artean ez dutenentzat. Banaketa Kontzejupean egingo da 10:30etik 11:30era, justu txupinazoa bota aurretik. Nahi duenak gertura dadila eta doan jasoko du zapia.
Azkoitiko Andramari jaietan gaueko autobus zerbitzu berezia eskainiko da abuztuaren 14an, 15ean, 16an eta 18an. Horra ordutegiak: