Garbiketa eta mantenu lanak burutu ahal izateko, Elkargunea itxita egongo da abuztuaren 7tik 20ra bitartean.
Ikusi urteko egutegia:
Udala hasi da Andramari jaietako egitaraua etxez-etxe banatzen. Azkoitia musika, dibertimendu, kolore eta festa giroan murgiltzeko prest dago, aurtengo herriko festen atarian. Adin eta gustu guztietara egokitutako proposamenak aurki daitezke egitarauan.
Ohiko txupinazoarekin lehertuko da festa. Aurten txupinazoa danborradaren omenez botako da, 75 urte bete dituelako. Urteurrenaren harira, abuztuaren 14an, danborrada egingo da, danborrak eta barrilak astinduz, eta beraz, Andramari jaietako lehenengo egunak ikutu berezia izango du.
Aurreko urteetan bezala, Udalak TAO sistema bertan behera utziko du abuztuan zehar eta makinak ez dira erabilgarri egongo irailera arte.
Urtean zehar, Azkoitian TAO sistema Joseba Jatetxe aurreko aparkalekuan eta Plazaberrin ezartzen da, astelehenetik ostiralera 9:00etatik 13:00era eta 16:00etatik 20:00etara bitartean. Doakoa da, baina denbora muga jakin bat dago aparkatzeko. Abuztuan, esan bezala, ez da txartelik beharko.
Azkoitiko Udalak, Lanbidek diruz lagunduta, balio anitzeko bi peoi kontratatuko ditu. Hautaketa prozesua abian da gaurtik, eta izena emateko azken eguna abuztuaren 23a izango da.
Kontratuak sei hilabeteko iraupena izango du eta lanaldi osokoa izango da.
Hautagaiek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan lan-eskatzaile moduan izena emanda izan beharko dute, eta ahozko euskara maila ertaina eskatuko zaie. Halaber,eskolaritate ziurtagiria lorezaintzan esperientzia izatea ere eskakizunen artean sartzen dira.
Balda Etxean dagoen San Inazio kaperak ateak zabalduko ditu larunbat honetan, uztailaren 29an. Kaperak 100 urte bete ditu, eta mendeurrena ospatzeko, nahi duten herritarrek bisitatu ahal izango dute elizatxoa.
Kapera 12:00etatik 14:00etara egongo da zabalik. Halaber, 12:30ean, bisita gidatua eskainiko da Juan Bautista Mendizabalek eskutik.
Eguraldi txarraren eraginez Martirieta auzoan gertatutako luiziak eragindako kalteak konpondu ditu Udalak. Irisarri baserri inguruan izan zen lur-jausia, eta errepidea garbitzea izan zen lehenengo lana. Egun hauetan zonaldea lehengoratzeko lanak egiten aritu da Martitte Eraikuntzak enpresa, eta bukatuta daude jada. 12.037,08 euro kosta dira.
Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Udal Legearen aurka, udalei Euskara hutsez aritzeko aukera ezetsiz, emandako epaiaren aurrean, Udalak adierazpen instituzionala egin du. Testua atzoko udal osoaren ohiko udalbatzan onartu zen, EAJ/PNV, EH Bildu eta Azkoitia Bai Elkarrekin udal taldeen aldeko botoekin. Aldiz, alderdi sozialistak ez du adierazpenarekin bat egin.
Adierazpena sinatu duten alderdiek kezka agertu dute eta larritzat jo dute sententzia, “euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuari oztopoa jartzea delako”, hizkuntza-politikak mugatuz.
Udaltzaingoak silikona-markak atzeman ditu Azkoitiko erdiguneko auzo bateko hainbat etxetako ateetan, eta, horregatik, herritarrak adi ibiltzeko ohartarazi ditu, eta eskatu die begiratzeko ea lapurrek utzi ohi dituzten seinalerik ikusten duten ateetan.
Uda garaian, lapurretak areagotu egiten dira, bizilagunak etxetik kanpo izan ohi direlako askotan oporrak tarteko, eta lapurrek abagunea aprobetxatzen dute.