Aurtengo Andramari jaiak aurreratzen ari dira, eta Udalaren antolaketa lanak aurrera doaz. Festetako hitzordu nagusietako bat da abuztuaren 18ko koadrilen bazkaria. Parte hartu nahi dutenentzat izen-ematea astelehenean, uztailaren 17an, irekiko da eta uztailaren 28an itxiko da.
Azkoitiko Udaleko Kultura sailean eman beharko da izena bertara joanda, edo 943 85 71 70 telefonora deituta astelehenetik ostiralera 9:00etatik 14:00etara.
Hazinnova programari esker euren berrikuntza-proiektua arrakastaz ezarri duten Urola osoko, Goierri eta Debagoienako 37 enpresa gipuzkoarrek enpresa berritzailearen ziurtagiria jaso dute gaur, Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren, SPRIren eta Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziaren eskutik. Besteak beste, Azkoitiko Erlo Group eta Ibermach Special Machinery enpresek eta Urola Komunikazio Taldeak jaso dute akreditazioa.
Hazinnovak doako aholkularitza-zerbitzua eskaintzen die Euskadiko ETEei berrikuntza ez teknologikoari buruz, lehiakorragoak izan daitezen.
Iraurgi Berritzenen turismo sailak bisita gidatuak antolatu ditu uztailerako eta abuzturako, bailarako ondarea ezagutarazteko eta bertako historiaz eta paisaiaz gozatzeko. Asteburuan, uztailaren 15ean eta 16an, mudejar artean sakontzeko bisita gidatuak egingo da. Larunbatean erdaraz izango da eta igandean, euskaraz.
Bi orduko ibilbidea izango da Azkoitian, Loiolan eta Azpeitian barrena. Parte hartu nahi dutenentzat topagunea goizeko 11:00etan, Azkoitiko parrokia aurrean izango da.
Azkoitia BHIko jolastokia itxita egongo da egun hauetan bertan gauzatzen ari diren obrengatik, eta ondorioz, segurtasun-arrazoiengatik.
Prefabrikatutako moduluak jartzen ari dira hezkuntza zentroak espazio estali gehiago izan dezan zenbait jardueretarako. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza saila ari da lanak burutzen eta behin amaituta, berriro zabalduko da patioa.
Normalean Azkoitia BHIko jolastokia ireki egiten da asteburuetan, jaiegunetan eta oporraldietan gazteek gune bat gehiago izan dezaten euren aisialdiaz gozatzeko.
Frantziako Nanterre herriko L’Atelier Lyrique abesbatzaren kontzertuaz gozatzeko aukera izango da uztailaren 22an. Ikuskizuna Parrokian izango da 20:00etan.
L’ Atelier Lyrique de Nanterre, Saskia Salembier mezzo-soprano eta biolinista frantziarrak zuzendutako abesbatza da. Errepertorio zabaleko taldea da, barroko garaitik hasi eta gaur arterainoko musika hartzen baitu.
Dotore ospatu du gaur Anaitasunak Espainiako Kopa Txapelketa irabazi zueneko 50. urteurrena. 1972-1973 denboraldiko jokalariak elkartu dira gaur egungo zuzendaritzako, Real Sociedadeko eta Gipuzkoako Futbol Federazioko ordezkariekin orduko balentria ospatzeko. Bidelagun izan dute Kirol zinegotzi Igor Isuskiza. Oroigarriak, txapelak, bizipenak, emozioak, argazkiak eta txaloak izan dira nagusi. Aupa Anai! Horra iruditan ospakizunak eman duena.
Garbiñe Muguruzaren presentziak sekulako zalaparta sortu du arratsaldean Txerloiko tenis pistetan. Irribarretsu eta adeitsu. Horrela etorri da tenislaria neska-mutilez beteta zeuden Txerloiko instalazioetara, eta Muguruzaren saio magistralaz erruz gozatu ahal izan dute.
Ana Azkoitia alkatea buru dela egindako harrera ekitaldian, Garbiñe Muguruzari omenaldia egin zaioa aurreskua eskainiz eta lore sorta emanez. Alkatearekin batera, tenislariari ongietorria eman diote Karmen Zendoia eta Ainhoa Peña tenis klubeko arduradunek, eta Goizane Alvarez Kirol diputatuak.
Garbiñe Muguruzak azaldu duenez Azkoitira bisita "aparta izan da. Aurkikuntza bat. Ez nengoen Azkoitian izanda eta hona etortzeak eta aitarekin egoteak bere historia, bere bidaia, nondik datorren... hori guztia baloratzeko balio izan dit, eta berarekin partekatu ahal izateak sekulako ilusioa egin dit".
Jantzi zuri-gorriak soinean Sanferminetako entzierroa korritu dute udalekuetan parte hartzen ari diren haurrek. Iruñeko entzierroetako abestia kantatu eta udaletxeko balkoitik jotako txistua entzun orduko, lasterka atera dira umeak Herriko plazatik Oteiza Pilotakuetarantz.
Praka Motxakin udalekuetan dabiltzan 240 ume inguruk hartu du parte entzierroan.