Miguel Mari Azpiazu konpositoreak moldatutako piezak joko ditu plazako karilloi erlojuak Andramari jaietan. Eguerdiko hamabietan “Ondo pasau Andramaixek” entzungo da Herriko plazan, eta iluntzeko zortzietan, Azpiazuk berak konposatutako “Azkoitia” obraren doinuak.
Udalak Miguel Mari Azpiazuren lana eskertu nahi du publikoki karilloirako egindako moldaketa lanengatik, eta Jose Luis Ferro erlojugile-maisuari bere laguntzagatik.
Udalak, Berdintasun eta Prebentzio Sailetik, dei egiten du Andramari jaiak berdintasunean eta eraso sexistetatik aske ospa daitezen. "Azkoitian, ez ditugu onartzen pertsonen eskubideak urratzen dituzten eraso matxistak, arrazistak, LGTBIfobikoak edo bestelakoak. Ez dadila inor jokabide matxisten konplize izan", adierazi du Mertxe Zubillaga zinegotziak.
Aste honetan bertan, Ana Azkoitia alkatea Ertzaintzarekin eta Udaltzaingoarekin bildu da jaietako zaintza eta segurtasun-operatiboari buruzko xehetasunak jorratzeko, eta inork nahi ez dituen gertakariak eta delituak prebenitzeko.
Aurtengo Andramari jaietarako astebete baino ez da falta, eta Udalaren izenean, Ana Azkoitia alkateak “danborradarekin lotura estua duten eta sentitzen duten guztiak” udaletxera gonbidatu ditu hilaren 14an, 12:00etan, festa lehertaraziko duen txupinazoaz bertatik goza dezaten.
“Azkoitiko danborradak 75 urte bete ditu. Urte guzti hauetan gizon eta emakume askori esker antolatu ahal izan da. Asko dira modu batera edo bestera danborrada biziki estimatzen dutenak, eta danborradarekiko lotura eta sentimendu berezia dutenak, asko dira aitortza eta eskertza merezi dituztenak, eta haiek guztientzat doa aurtengo txupinazoa. Urtez urte, danborrada egitea posible egin duten guztiei dedikatuko diegu”, azaldu du alkateak.
Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, ezarritako atalasetik gorako tenperaturaren iragarpena dela-eta biharko eta etzirako, Osasun Sailak herritarrei prebentzio-gomendioak helaraztea eskatu du.
Gehiegizko tenperaturaren magnitudearen eta iraunkortasunaren arabera, oinarrizko hiru arrisku-maila ezartzen dira: abisu egoera, alerta egoera eta alarma egoera. Datozen egunetan abisu egoeran sar gintezke.
Tenperatura altuek ondorio kaltegarriak eragin ditzakete osasunean, lehendik zeuden gaixotasunak larriagotuz eta heriotza ere eragin dezakete.
San Juango futbol zelaiak belar artifizial berria du, eta dagoeneko Anaitasunako taldeak hasi dira zelai berria estrenatzen euren entrenamenduetan.
Hobekuntza lanak ekainaren erdialdean hasi ziren, eta amaitutzat emateko, atzo bertan homologazio lanetarako neurketak burutu ziren, FIFAk egiaztatutako laborategi batek ziurta dezan jarritako belarraren, betegarriaren eta azpiko oinarri elastikoaren kalitatea, betiere, FIFA Quality Pro ziurtagiriaren eskakizunen arabera.
Musika Hamabostaldia Azkoitian izango da Felix Hell organista alemaniarraren eskutik. Hell Donostiako musika klasikoko jaialdiko organo zikloko gonbidatua da, eta kontzertua eskainiko du Parrokian abuztuaren 13an, igandean. 20:00etan izango da hitzordua. Sarrera doan izango da.
Hellen ibilbidea aipatzekoa da. Bederatzi urterekin hasi zen kontzertuak eskaintzen, eta oso gazte zela lortu zuen mundu mailako ospea.
Azkoitiko Kultur Elkarteak 40. Inazio Iriarte Margo Lehiaketaren oinarriak kaleratu ditu. Lehiaketa abuztuaren 17an izango da, herriko jaien egitarauaren baitan. Nahi duen orok har dezake parte. Urtero bezala, lehiaketa egunean, Portaleburu Erakusketa Aretoan 9:00etatik 10:00etara zigiluak jarriko dira eta lanak arratsaldeko 15:00ak baino lehen aurkeztu beharko dira. Epaimahaiaren erabakia eta sari banaketa 19:30ean izango da toki berean. Lehiaketak 2.550 euroko sari poltsa du.
Udala estolderia sarean lanean ari da labezomorro izurriteari aurre egiteko. Irabia enpresak, Udalaren enkarguz, hilero egiten zituen herrian intsektuak eta arratoiak hiltzeko lanak. Orain, labezomorroen aurkako tratamendua eta aplikazio-maiztasuna areagotu ditu. Hemendik aurrera, bi astez behin burutuko dira lanak.
Uda urte-sasoi aproposa da labezomorroak areagotzeko. Izurrien kontrolean eta prebentzioan adituak diren Irabiako langileen arabera, "normala da udan labezomorro beltza kanporantz ateratzea, kutxatilen barruan bero handia biltzen delako. Beroagatik ateratzen dira. Kutxatiletan, berez, egon beti daude labezomorroak. Labezomorroa arratoiarekin bizi da. Eta, garai honetan, ilunabarrean edo gauean irteten dira batez ere. Udalerri guztietako arazoa da".