Aniztasun Kontseiluaren bilera hurrengo asteartean izango da, hilaren 19n, Elkargunean. Honako gaiak jorratuko dira: aniztasun festa 2013 eta zurrumurrei aurkako lantaldea. Bilera 18:30ean da eta herritar guztiak daude gonbidatuta.

Azkoitiko Udalak babes osoa eskaini nahi dio Korrikari eta euskalduntze prozesuan AEK egiten ari den lanari. Horregatik, aurten Korrikako bi kilometro erosiko ditu baten lekuan. Eta bi kilometro horietako bat herritarren eskura jarriko du, Azkoitiko euskalzaleen lana eta ahalegina eskertzeko. Euskalzale anonimoak bihurtu nahi ditu lasterketaren protagonista Udalak, herritar anonimo horiek Korrikaren lehen ilaran jarri eta bere omenaldi partikularra eginez. Eta nola egingo du hori? Lehiaketa eta zozketa bidez. Lekukoa eta petoa eman nahi duen herritar orok izango du parte hartzeko aukera. Horretarako, piropo edo losintxa bat idatzi beharko dute Udalak Facebook-en edo Twitterren dituen kontuetan, eta parte hartzaile guztien artean zozketa bidez bi pertsona aukeratuko dira.

 

Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiak 20 urte beteko ditu aurtengoan, eta hori ospatzeko, ikutu berezia eman diote antolatzaileek: batetik, Asier Cuevas lasterkariari omenaldia egingo diote; bestetik, emakumeen parte hartzea sustatuko dute; eta azkenik, maratoi erdiaz gain, 7,5 kilometrotako lasterketa herrikoi bat ere antolatu dute. Krisiaren eraginez aurrekontua txikiagoa izango du lasterketak (%15 txikiagoa), baina, hala ere, eliteko korrikalariak ekartzea lortu dute antolatzaileek: besteak beste, Mark Kiptoo, Joseph Ebuya, Joshepine Jejpkoech eta Tsgerda Girma bertan izango dira. Izena emateko epea zabalik dago jada, eta bai lasterketa nagusian bai herrikoian parte hartu nahi dutenei lehenbailehen apuntatzeko eskatu die antolatzaileek. Lasterketa martxoaren 23an jokatuko da. Azkoitiko Udalak aurten ere diruz lagunduko du proba "dauka izaeragatik eta ordezkatzen dituen balioengatik".

 

Umeen danborrada indartzeko erabakia hartu du aurten Umore Ona elkarte antolatzaileak, eta dirudienez, ahalegina ari da emaitzak ematen: dagoeneko 250 umetik gora apuntatu dira parte hartzeko. Ekitaldia indartzeko asmoz, danborradaren data aldatzea erabaki zuten elkartekoek eta ikastetxeak inplikatzea: Pazko igandean izan beharrean hurrengo larunbat arratsaldean egingo da hemendik aurrera (aurten, apirilaren 6an) eta badirudi data aldaketa horrek animatu egin dituela haurrak eta gurasoak. Entseguak ere hasi dira dagoeneko: atzo izan zen aurrena, eta astelehen, asteazken eta ostegunetan izango dira, 19:00etan, Gurea frontoian.

 

Ostegunean (hilak 14) ez ohiko plenoa egingo da, 19:00etan. Gai garrantzitsuena, 2013ko aurrekontuak onartzea. Horrekin batera, hirigintzako hainbat gai ere jorratuko dituzte, eta baita Martxoaren 8aren harira Bilduk eta EAJk aurkeztuko dituzten mozioak ere, eta Parot doktrinaren inguruan Bilduk aurkeztuko duenarekin batera. Hemen duzue gai ordena.

Jendetza batu zen iragan ostiralean, martxoaren 8an, Emakume Langilearen Nazioarteko egunaren harira eliz atarian egin zen elkarretaratzean. Dozenaka herritar bildu ziren, tartean lan gatazkan dauden San Jose egoitzako langileak eta emakumeen eskubideak aldarrikatuz, testu bat irakurri zuten. Emakumeen eskubideen alde borroka egunerokoa dela esanez amaitu zuten bilkura.

 

Aste Santuko oporrak gero eta gertuago daude, eta jai egun horietan herriko haur eta gaztetxoek zer gozatua izateko programa zabala prestatu du Gazteria Sailak. Zehazki, bi programa antolatu ditu: bata, ludotekatik, 4 eta 12 urte arteko haurrentzat, eta bestea, topalekutik, 12 eta 17 urte bitartekoentzat. Sukaldari txikiak, altxorraren bila, paddel lehiaketa, paintballera irteera... ekintza ezberdin ugari antolatu dira eta parte hartzeko dagoeneko eman daiteke izena Elkargunean. Epea martxoaren 20an amaitzen da.
Al Ar Az Og Or Lr Ig
1
2
3
4
5
6
7
8
9
10
11
12
13
14
15
16
17
18
19
20
21
22
23
24
25
26
27
28
29
30
© 2019 Azkoitiko Udala. Lege oharra